Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBKren arteko elkarlanaren emaitzan den Artearen Ibilbidea izeneko erakusketa ibiltaria Sestaora iritsiko da astelehen honetan, irailaren 9an, eta bertan ikusi ahal izango da aste osoan, hilaren 15era arte zehazki. Ekimen hori BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatutako Herriz Herri programaren barruan dago, gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten baterako ekintzak sustatzeko.
Artea eta kultura Bizkaira eta bizkaitarrengana hurbiltzea du helburu, espazio publikoetan kalitate handiko artelanen erreprodukzioen bidez. Sestaora bertoko udalarekin batera egindako lankidetzari esker iritsi da.
Haurtzaroa artean lelopean, erakusketa herriko San Pedro plazan ikusi ahal izango da, eta gai horrekin zerikusia duten zenbait artelan esanguratsuren erreprodukzioak izango ditu, jatorrizko obrak Bilboko Arte Ederren Museoan daudelarik. Dagozkien azalpen-audioak (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) telefono mugikorretan doan deskargatu ahal izango dira QR kode baten bidez.Mungiatik eta Mallabiatik igaro ostean, Artearen Ibilbidea Sestaora iritsiko da irailaren 9tik 15era.
Herriz Herri, gizarte-eragin positiboa Bizkaian
Lehenengo edizioan izandako arrakastaren ondoren, BBK-k berriro jarri du abian Herriz Herri proiektua. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko. Dagoeneko Bizkaiko 52 udalerrik bat egin dute ekimenarekin.
Proiektu honekin, BBK-k bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du, eta katalogo berritua aurkezten du; hor, Artearen Ibilbideaz gain, lurraldeko hainbat udalerritan gauzatuko diren ekimen berriak jasotzen dira: kolektibo hori motibatzeko eta berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko gazteei zuzendutako proposamenak; emakumeari, inklusio edo gizarteratzeari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak; klimaaldaketari buruz kontzientziatzeko ziklo bat; eta 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzeko haurrentzako tailer ludikoak.