Astelehen honetan, uztailaren hasierarekin batera, hasi dira Durangoko Zabalarra Eskolako sukaldea eta jantokia handitzeko lanak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak 1.011.952,33 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZik gabe, eta obrak egiteko aurreikusitako epea 14 hilabetekoa izango da.

Zabalarra ikastetxeko proiektuaren helburua, jangela eta sukaldea handituz, ikastetxean bertan janarien prestaketa eta kontsumoa erraztea da. Horrek barne hartuko du beheko solairuan bolumen berri bat gehitzea eta gaur egun haur-hezkuntzak erabiltzen duen sukaldearen hedapena. Gainera, sukalde mota horrek eskatzen dituen beharrezko espazioak sortuko dira, hala nola biltegia, sukaldeko langileentzat eta monitoreentzat bereizitako aldagelak, hondakinen eremu bat eta hotz-kamera bat, bai eta barruko eta kanpoko sarbideak dituzten ikasleentzako komun berriak ere. Obrek irauten duten bitartean, jantoki-zerbitzua moduluen bidez bermatuko da.

Mireia Elkoroiribek hezkuntzarekin eta hezkuntza azpiegituren etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa adierazi du: "Proiektu hauek ez dira azpiegituretan egindako inbertsioa bakarrik; gure etorkizunean, gure ikasleen osasun eta segurtasunean eta Durangon eskaintzen dugun hezkuntzaren kalitatean egindako inbertsioa dira. Hezkuntzarekin eta udal-ikastetxeekin lankidetza estuan lan eginez, urrats sendoak ematen ari gara gure instalazioak modernizatzeko eta ongizatea, bizikidetza eta ikaskuntza optimoa sustatuko dituen hezkuntza-ingurunea sortzeko".

Fray Juan Zumarragan frontoiaren estalkia eta egitura berritzea

Fray Juan Zumarraga institutuko estalkia eta frontoiaren egitura erabat berritzea aurreikusten da, baita 2025ean zegoen harmaila kentzea ere. Helburua espazioa ikastetxeko patioan hobeto integratzea da, ingurune irekiagoa, garbiagoa eta seguruagoa sortuz. Gaur egun, proiekturako pleguak prestatzen ari dira, obrak 2025ean hasteko eta, gutxi gorabehera, 4 hilabeteko iraupena izateko.