Asteazken honetan goizean, Bizkaia Aretoak uztailean eta abuztuan Silverstoneko Formula Studen (FSUK) eta Montmeloko Formula Studen (FSS) lehiaketetan parte hartuko duen Formula Student Bizkaia taldearen FSB2024 monoplazaren aurkezpena jaso du.
Ekitaldian izan dira Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko zinegotzia eta Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendari nagusia.
Ondoren, taldeak FSB2024 monoplaza diseinatu eta fabrikatzeko ikasturte osoan egindako prozesua deskribatu eta ibilgailua erakutsi du ekitaldiari amaiera emateko, gidatze autonomorako sistemetan garatu dituen aurrerapenak nabarmenduz. FSB2024 monoplaza lasterketetarako prototipo berritzaile eta erabat elektrikoa da, eta gurpiletan duen lau motorreko sistemari esker eta trakzioa kontrolatzeko sistema elektroniko propioaren nahiz karbono-zuntzezko pakete aerodinamiko berritzailearen laguntzaz, 190 ZPeko potentzia (140 kW) lortzeko gaitasuna du.
Formula Student Bizkaia 70 ikaslek eta 3 irakaslek osatutako taldea da. Proiektuaren helburu nagusia ikasleak lan mundura hurbiltzea da. Horretarako, proiektuak proposatzen duen prestakuntza-ibilbideak eginkizun bat eta prestakuntza-programa bat esleitzen dizkio ikasle bakoitzari, ibilgailuaren elementuetako bati lotutako proiektu bat lantzeko.
Horrela, ikasleek erantzukizun handiagoa hartu eta taldean lan egiten, gatazkak konpontzen, denbora eta baliabide materialak kudeatzen, eta lideratzen ikasten dute, gure lan-ingurunean eskaera handi-handia duten gaitasunak lortuz.
Formula Student Bizkaia berrikuntzaren aldeko proiektua izan da beti, baina Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) alde batera utzi gabe. Formula Student Bizkaia erreferentziazko proiektua da EHUAgenda2030 delakoaren barruan, eta STEAM bokazioen bultzatzailetzat aitortu dute STEAM Sarietan.