Aurrera darrai Getxoko Udala herriko kirol-instalazioak berritzeko erronkarekin. Oraingo honetan, kirol-taldeek denboraldia amaitu berri dutela aprobetxatuz, 1,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Bolue eta Gobelako futbol-zelaietako eta Fadurako erabilera anitzeko zelaiko belar artifiziala berritzeko lanak egiteko. Lan horiek datorren astean hasiko ditu Getxo Kirolak erakundeak.

Modu horretan, zelai horietan 11 futbol-klubetan multzokatutako 1.700 kirolari entrenatzen eta lehiatzen direnez, berritzeko obra hori amaituta izango da datorren denboraldia abian jarri aurretik.

Punta-puntako belar artifiziala jartzeaz gain, Fadurako erabilera anitzeko zelaian ureztatze-kanoiak, errugbiko zutoinak eta beisbolera jokatzeko behar den egokitzapena instalatuko dira. Halaber, Bolue 1 eta 2ko zelaietan ere ureztatzeko kanoi berriak instalatuko dira eta Bolue 3an daudenak berritu egingo dira. Era berean, obretako hilabete horietan, Bolueko zelaietako aldagelak handituko dira. Bolue 1 eta 2ko zelaiei dagokienez, 4 aldagela berri, botika-kutxarako gune bat eta komunak berrituko dira; Bolue 3an, berriz, lehendik dauden aldagelak handituko dira.

Obraren kostuaren zati bat (550.000€) Udalak finantzatuko du Gobernu Irekiaren eta Modernizazioaren Arloak sustatzen dituen Aurrekontu Parte-hartzaileen testuinguruan. Zehazki, eta iaz herritarrek egindako bozketaren emaitza moduan, zenbateko hori erabiliko da Bolue 1 eta 2ko aldagelak eraberritzeko eta Bolue 1eko zelaiko belar artifiziala berritzeko.