Ekainaren 8an egingo den jardunaldi bakar batean ospatuko da aurten La Encartada Moda 2024 ekimena. Gaur goizean aurkeztu egin da edizio berri honen programazioa. Ekitaldian parte hartu du Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Alberto Sinpatronekin eta Basque Biodesign Centerreko Olga Iradierrekin batera.

Bertan, modarekin lotutako jarduera ugari ospatuko dira ingurune pribilegiatu batean, hala nola La Encartada Fabrika-Museoan. Foru Erakundeak bultzatutako moda ekitaldi honek, Alberto Sinpatronen koordinazioarekin eta Basque Biodesign Centerren laguntzarekin, hamargarren edizioa ospatuko du, diseinuko 14 profesionalen lanak erakutsiz eta etorkizuneko ehunetan fokua jarriz.

Diputatuak aurtengo edizioaren gakoen berri eman du eta azaldu duenez " La Encartada Moda modako barrikuntzarako erakusleiho bat izateaz ganera, aukera bat da publiko eta belaunaldi desbardinek ondarearen altxor hau, La Encartada Fabrika-Museoa, ezagutu eta estimau dagien. Gure ehungintzaren historia aberatsari balioa emoteko eta beste era batera erakusteko modu bat da. Horretarako, bisita gidatuak be egingo dira fabrikara."

La Encartada Modaren hamargarren urteurrena programazio anitzarekin dator, eta masterclass, proiekzio, mahai-inguru, instalazio, showroom eta desfileak eskainiko ditu. Horietan, diseinuko hamalau profesionalen lanak eta piezak erakutsiko dira, hala nola, Guillermo Décimo, David Moss, therapy Recicle and Exorcise eta Natacha Marro Sinpatron jantziekin lankidetzan. Azken honek bere atzera begirako bilduma aurkeztuko du, hogei urte bete dituenean, Ángel Amor, Ganboa, MaldeOjo eta Ane Takitto ,Zaloa Ferre, Valeria Irisarri, Navaja Studio, MEZ eta Elysea Studio osagarriekin batera. Showroomean Ana Virto, Ane Takitto, Eva Burton, Kiribiltxo, Otrora, Puntada Bastarda, Rodillo eta Sara Ortuzarren sorkuntzak izango dira.

Etorkizuneko ehunak dira Encartada Modaren ardatza, eta jardunaldi horretan Masterclass bat ere eskainiko da, Nola erabili teknologia moda jasangarri baterako tresna gisa? izenburupean. Bertaratzen direnek Batoul Al-Rashdanen ikuspegia ezagutu ahal izango dute, ibilbide profesional ezaguna duen diseinatzaile jordaniarra, Billboard Women in Music Shoot-erako argazki-saioan Kylie Minogue jantzi zuen soinekoaren egilea da Rashdan. Rashdanek biodiseinua eta 3D moda jasangarria uztartzen ditu. Ikuspegi berritzailean, 3D inprimaketa, biodiseinua eta arkitektura eramangarria sartzen dira, material jasangarriekin, elikagaien hondakinak birziklatzea barne. Hainbat herrialde eta hedabidetan erakutsi du bere lana, hala nola Munduko Ekonomia Foroan eta Forbesen. Encartada Fabrika-Museoak manikien instalazio bat ere izango du, Batoul Al-Rashdanen sorkuntzak erakutsiko dituena. Tony Ward Couturerekin lankidetzan egindako lan hau landare-jatorriko material biodegradagarrien erabilera berritzaileagatik nabarmentzen da. New Yorketik iritsi berria da, eta hiri horretan egin zen Met Galan bere modeloetako batzuk aurkeztu zituen., Al-Rashdanek ikuspegi abangoardista dakar berekin, bertaratutakoak liluratuko dituela agintzen duena.

Gainera Museoan ikusgai egongo diren beste pieza batzuk  Lewin Lerbours-en "Vorágine" bildumako manikien instalazioa, Cova Orgaz-en kartoizko eskulturen instalazioa eta KOKORO Índigo Culture-ren kimono tindatua dira. Gainera, Gabriel Asianek, Instituto Europeo di Design institutuko hirugarren mailako ikasleak, biomaterialekin egindako ehun-instalazio bat aurkeztuko du.

Adimen artifiziala erabiliz diseinatutako soinekoa

Encartada Modan zehar, gainera, goi mailako joskintzako soineko bat aurkeztuko da, adimen artifiziala eta biofabrikazio teknikak erabiliz ekitaldirako bereziki diseinatua. Pieza honek modaren mugak aztertzen ditu metodo iraultzaileak erabiltzean, formatu handiko biolarruen sorkuntzatik hasi eta kristalen hazkuntzaraino, 3D inprimaketaraino eta patroi digitaletaraino. Emaitza goi-mailako joskintzaren dotoretasuna irudikatzen duen jantzi bat izango da, abangoardiako material biologikoak aplikatuz. Modaren industriaren barruan biofabrikazioak duen potentzial eraldatzailean aurrerapen esanguratsua adierazten duen jantzia, etorkizun etiko eta iraunkorrago baterantz mugarri bat ezarriz.

La Encartada Moda 2024k "Etorkizuneko ehunak. Bioteknologia modan. Nola ulertu ehun jasangarriak eta adimendunak naturatik.Tejidos del futuro. Biotecnología en la moda. Cómo entender los tejidos sostenibles e inteligentes desde la naturaleza"  mahai-ingurua programatuko du.  Topaketak arkitekturan, kimika makromolekularrean eta goi mailako teknologia eta jasangarritasuneko jantzi teknikoen diseinuan adituak diren pertsonak batuko ditu, besteak beste, Maria Mallo doktorea eta Edurne Santamaria  Raya Bivac Sport Mountain-en sortzailea eta CEOa.

Programazioa webgunean kontsulta daiteke eta ekitaldira joateko izena eman behar da aldez aurretik. Jarduera guztiak doakoak dira. La Encartada Modara joateko autobusak jarriko dira Bilbotik eta Balmasedatik.

La Encartada Moda Metroan dago jada

"La Encartada Moda" ekitaldiaren inguruko erakusketa Bilboko Metroko Moyua geltokirako sarbidean dago ikusgai. Ekitaldi honen azken edizioetan egindako desfileetan hartutako hamaika argazki. La Encartada Fabrika-Museoaren, XXI. mendeko museo bihurtutako XIX. mendeko fabrikaren, edertasuna eta ondare-aberastasuna ikusarazteko aukera ematen duen erakusketa ekainaren 16ra arte egongo da ikusgai.

Pasarela ehun urteko fabrika batean

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen La Encartada Fabrika-Museoak duela 100 urte baino gehiago sortu zen eta orduko ia egoera berean dagoen fabrika zahar batera sartzeko aukera eskaintzen du. 1.892ko fabrika zahar hau inguru pribilegiatu batean, Enkarterrin, Cadagua ibaiaren ertzean, dago. Fabrika 100 urtez egon zen aktibo, eta artilea lantzen eta bere produktu nagusia, txapelak ez ezik, mantak, oihalak, eskularruak, matazak eta harilkak ere egiten jardun zuen. Bere eraikinak, espazioak eta giroak ez dira birsortze hutsa; jatorrizko eraikinak, espazioak eta giroak dira. Bere makineriaren eta bere hornidura mekaniko guztiaren ondorioz La Encartada ehungintzako bilduma teknologikorik onena eta osatuena da Europa osoan, eta,  beharbada, munduan. Leku berean dago, fisonomia bera du, makina eta talentu berberekin; ez dago ehun urteko beste industria-multzorik honen moduko kontserbazio- eta osotasun-maila duenik.

La Encartada Modara hurbiltzen direnak fabrika ezagutzeko aukera izango dute, egunean zehar antolatuko diren bisita gidatuetan. Bisita horiek aldez aurretik erreserbatu beharko dira honako webgunearen bitartez.