Astearte honetan, apirilaren 16an, hasi da Bizkaiko Foru Ogasuna Errentaren Kanpainako itzulketak egiten joan den asteko asteazkenean eta ostegunean aurkeztu zutenei. Guztira 45,6 milioi euro itzuliko zaizkie aitorpenaren emaitza haien aldeko izan den 37.576 zergadunei. Hala, Errenta 23 kanpainaren lehen aitorpenetan 1.213,01 euro itzuliko dira batez beste. Gaurko 10etan, 81.546 aitorpen zeuden aurkeztuta, guztira.

Aurkeztutako aitorpenak, kanalaren arabera

Zergadunek beren aitorpena aurkezteko gehien erabili duten bidea digitala izan da: guztira, 72.175 aitorpen, %88,5. Ondoren, telefono bidezkoa dago (7.090), eta aurrez aurrekoa: 2.281 aitorpen.

Telefono bidezko arreta-zerbitzuak zergadunen 47.427 dei jaso ditu kanpainaren lehen lau lanegunetan, haien aitorpena kontsultatu, aldatu edo aurkezteko, bai eta zalantzak argitzeko ere. Dei gehien atzo, astelehenean, jaso dira: 14.292 baino gehiago.

Mutualitateak

Errentaren kanpainaren lehen sei egunetan, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko lan-mutualitateen kotizazioak zituzten erretiro- edo baliaezintasun-pentsiodun beste 3.594 pentsiodunek preskribatu gabeko ekitaldietako aitorpenak berrikusteko eskatu diote Bizkaiko Foru Ogasunari. Beraz, 61.402 eskaera jaso dira orain arte.

Errenta 23 kanpainaren zenbaki garrantzitsuenak

893.095 zergadunek eskura dute aitorpenaren zirriborroa, eta modu digitalean, telefonoz edo aurrez aurre kontsultatu eta berrikusi ahal izango dute. Bizkaiko Foru Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 663.000 errenta-aitorpen aurkeztuko dira, eta hamarretik zazpitan dirua itzuli beharko da, hau da, emaitza zergadunen aldekoa izango da. Batez beste, 1.179 euro kobratuko dituzte. Espero da aplikatuko diren kenkari sozialen zenbatekoa 712,6 milioi euro izatea.