Abadiñoko Udalak Auto-taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzaren aldaketa onartu egin du aste honetan ospatu egin den osoko bilkuran. Horri esker, desgaitasuna –martxoaren 22ko 50/2016 Dekretuan jasoa– duten landa-auzoetako pertsonak artatzeko ibilgailu egokitua izango du.

Udalerri barruan osasun-zentrotik hurbi len dagoen puntura​ –fisioterapia-zentroak, psikologia-zentroak eta antzekoak barne– eramatea eskatu ahal izango dute, baita farmazia edo ortopedia-dendatara edo joan beharrezkoak zaizkien antzeko beste leku batzuetara ere.

Bidaia horrek ordenantza arautzaileak ezartzen duen 10 euroko tarifa gainditzen badu, Udalak bere gain hartuko du beti, ibilbide bakoitzeko 30 euroko mugarekin. Auzo-taxi zerbitzua Abadiñoko landa-auzoetan erroldatutako pertsonei zuzendutako prezio murriztuko taxi-zerbitzua da. Helburua, herritarrei euren etxeetatik zerbitzu nagusiak (osasun-zentroak, ikastetxeak, bankuak, dendak eta gainerako garraio publikoko zerbitzuak) dauden herrigunera joateko modu azkarra, merkea eta jasangarria eskaintzea da.

“Proiektua auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin hasi zen, osasunzentrora, osasun-zerbitzuetara, herrian funtsezko erosketak egitera eta zerbitzuez gozatzera joan ahal izateko. Hala ere, irisgarritasuna bermatzeko, mugikortasun murriztua edo ezintasunak dituzten pertsonentzat soluzioa ezarri behar dugu. Hori dela eta, behar espezifiko horiei erantzuteko taxi-zerbitzu egokitua integratzen ari gara”, azaldu du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak.

Zerbitzu egokitua behar dutenek Udalaren bulegoetan eskatu behar dute. Zerbitzuan alta eman eta ibilgailu egokitua behar dutenek telefono-zenbaki hauetara deitu beharko dute: Elorrioko Auzo-Taxi egokitua (677502788-Pepe) edo Durangoko Auzo-Taxi egokitua (608675900-Héctor).