Urdaibaiko Biosfera Erreserba txoko paregabea da bizikletan ibiltzeko. Ez bakarrik duen naturaren eta ondare historikoaren balioengaitik, baita bere paisaia ederrengaitik. Horrexegaitik, eta Aste Santua ate joka dela ikusita, BBK Klima zentroak “aukera paregabea” luzatu nahi die bertokoei edota bisitariei bizikleta elektrikoak alokatzeko. Hiru gunetan (Bermeoko Lamera parkean, Mundakako Bañutegi kalean eta Busturiako ingurumen-zentroan) 25 bizikleta izango dira eskuragarri, “Busturialdean mugikortasun jasangarria sustatzeko apustua” egiten jarraituz.

BBK Klima Bizi egitasmoak bere hirugarren uda izango du aurtengoan, “BBK Klima proiektuaren esparruan klima-aldaketaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea bilatzen dugu. Gure helburua argia da: mugikortasun jasangarria sustatzea. Bizikleta garraiobide garbia da eta, aldi berean, jarduera fisikoa errazten du. Gainera, kutsadura atmosferiko eta akustikoa txikiagoa dauka eta bizi-kalitate handiagoa ematen du”, azaldu du Leire Zarate BBK Klima proiektuaren arduradunak, atzo Bermeon izandako aurkezpenean parte hartzaile izan zena, Bermeoko Ziklistek elkarteko txirrindularien laguntzarekin. Urdaibaiko Biosfera Erreserban gero eta nabariagoa da bizikletaren erabileraren aldeko apostua, bai administrazio publikoen eskutik eta baita eragile pribatuen aldetik. Horren adierazle da, adibidez, Urremendi garapen elkarteak zabalik duen Urdaibai jomuga zikloturista, Urdaibai Bike Reserve delako ekimena, non eskualdean “zikloturismoa bultzatzeko eta sustatzeko estrategia bat garatzea” duten helburu. Aipagarria ere bada Urdaibaiko Patronatoa egiten ari den esfortzua, herri arteko interkonexioak hobetzeko, beti ere modu jasangarrian eta kotxea albortuta: horretarako, bide sare zabala osatu nahi du, Bermeoko Matxitxakotik eta Elantxobeko Ogoño lurmuturren arteko bideen konexioa hobetzeko. Azken urteotan 22 kilometrotan hedatu du mugikortasun jasangarria sustatzeko bide-sarea.

BBK Klima Abentura zentroak Sukarrietako aintzinako kolonietako erakin eta inguruetan bere ateak ireki zituenetik (2022ko udan, zehazki), proiektuak beste bi gune ireki ditu. “Bizikleta, bere sinpletasun eta eraginkortasunarekin, asmakizun ahalduntzailea izan da, garraiobide ekonomiko eta ekologiko bat eragiteaz gain, aldaketa sozial eta ekonomiko esanguratsuak eragin ditu. Etorkizun jasangarri baterantz aurrera egin ahala, gogora dezagun pedalei eragiteaekintza fisiko bat baino gehiago dela; independentziaren adierazpena da, naturarekiko lotura eta mugikortasunaren iraultza, eta BBK-k ez du erabilera bultzateko aukera galdu nahi”.

Erabilera erraza

Zaratek aurreratutakoaren arabera, Busturialdeko hiru udalerriez gain, “bagabiltza kontaktuan zerbitzua handiagotzeko”. Horretarako beharrezkoak dira bizikleta elektrikoen puntuak hedatzea. “Eta zeregin horretan gabiltza, ea posible den laugarren estazio bat eskualdean laster kokatzea”. Nabarmendu zuenez, gaur egun Busturian, Mundakan eta Bermeon dituzte puntu ezberdinak, “baina nahiko genukeena zera da: sarea zabaltzea”. Erabilera oso erraza du zerbitzuak: kudeaketa guztia telefono mugikorraren bidez egiten da, hain zuzen ere NextBike aplikazioaren bidez (www.nextbike.es/bbklima). Zentzu horretan, erabiltzaileak aplikazioa bere terminalean deskargatzen duenean, erregistratu egiten da, eta bizikletaren eranskailuaren QR kodea eskaneatu dezake alokatzeko eta haren erabilera kudeatzeko. Zerbitzua amaitzeko, bizikleta berriro ainguratu beharko da dauden hiru geltokietako batean, eta alokairua automatikoki amaituko da, App-ak erakutsiko duen bezala.

Egitasmoa

Bermeoko Ziklistek. Bermeoko Ziklistek elkarteko kideak izan ziren Urdaibaiko bizikleta elektrikoen zerbitzua berriz martxan jartzen duen atzoko ekitaldiaren protagonistak. 35 txirrindularik osatutako taldea, “asteburuero joaten gara bizikletan ibiltzen”, zehaztu zuen elkarteko kide den Jon Axpek.

Helburu solidarioa. Kirola egiteaz gain, helburu solidarioak dituzte. Pedalei eraginez, zenbait proiektu solidario babestu dituzte, hala nola, DalecandELA, Gurutze Gorria, Bizkaiko Elikagaien Bankua, Eutsi Gogor Denok Batera…