Istripuetan biktimak ibilgailuetatik ateratzea izan ohi da suhiltzaileek aurre egin behar dioten egoerarik zailenetariko bat. Bada, astelehen eta astearte honetan, Iurretako parkeak egoera hori simulatzen duen eta dagoeneko tradizionala den lehiaketa jasotzen du. Bertan Bizkaiko Foru Aldundiko 90 suhiltzaile ari dira parte hartzen.

72 parte-hartzaile Urioste, Basauri, Artatza, Iurreta, Arratzu, Zalla eta Derioko parkeetako hamabi errelebotako suhiltzaileak eta kaboak dira eta horien artetik talde irabazle bat aterako da, Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua (PSSZ) ordezkatuko duena trafiko-istripuetako erreskateko estatuko txapelketan. Mota honetako lehiaketak mundu osoan egiten dira eta benetako esku-hartzeetan suhiltzaileen zerbitzuen erantzuna hobetzeko balio dute.

Erronka 20 minutuko erlojupekoan harrapatuta dagoen biktima bat erreskatatzeko maniobra bat ebaztea da. Maniobra horietan (taldeek aldez aurretik ezagutzen ez dituztenak, zozketa bidez banatzen direnak eta hasten diren une berean ustekabean aurkitzen dituztenak), autoak iraulita, bata bestearen gainean jarrita edo zuhaitzen kontra sartuta aurki daitezke. Talde bakoitza agintari batek, osasun-langile batek eta hiru edo lau suhiltzaileko lantalde teknikoak osatzen dute, eta kanpoko epaile-talde bati trafiko-istripu jakin hori konpontzeko gaitasuna dutela erakutsi beharko diote.

Maniobrak Asociación Profesional de Rescate en Accidentes de Tráfico - Trafiko Istripuetako Erreskateko Elkarte Profesionaleko (APRAT) epaileek ebaluatu eta puntuatzen dituzte. Epaile hauek baloratuko dituzte agintean dagoen pertsona, talde teknikoa eta biktimak jasotako osasun-arreta ematen duen pertsona, World Rescue Organisation (WRO) erakundeak nazioartean adostutako irizpideen arabera; erakunde honetan mundu osoko erreskate-zerbitzuek parte hartzen dute eta erreskate-estandarrak hobetzea du helburu.

Puntuaziorik altuena lortzen duen taldeak plaza bat lortuko du ekainean A Coruñan egingo den Encuentro Nacional de Rescate en Accidentes de Tráfico - Trafiko Istripuetako Erreskate Topaketa Nazionalean (ENRAT). Estatuko txapelketa honetatik World Rescue Challengean, diziplinako munduko txapelketan, plaza lortuko duten taldeak aterako dira. Bizkaiko PSSZko talde batek munduko txapelketan parte hartu zuen 2019an, eta bertan 35 herrialde baino gehiagoko dozenaka talde aritzen dira lehian.

Lehenengoz Euskadiko beste PSSZ batzuk gonbidatu dira

Aurten, eta aurreko edizioaren hasierako arrakastaren ondoren, gonbidapena luzatu zaie Euskadiko suhiltzaileen gainerako zerbitzuei talde banarekin parte har dezaten. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udaletako zerbitzuek erronka onartu dute eta, beraz, hamabost talde lehiatuko dira guztira bi jardunaldietan.

Horrelako ekitaldien helburua trafiko-istripuetako benetako esku-hartzeetan eta biktimei eman behar zaien laguntzan suhiltzaileen zerbitzuen erantzuna hobetzea da. Entrenamenduetan eta lehiaketan ikasitako ikasgaiek teknikak garatzeko, trebetasun berriak eskuratzeko eta foru-zerbitzuko taldeen prestakuntza eta benetako esku-hartzeak hobetzeko balio dute, eta, ondorioz, horrelako esku-hartzeek erantzun-maila igotzeko aukera ematen dute.

2023an PSSZko hornidurak 538 trafiko-istripu artatzeko aktibatu ziren. Bizkaiko suhiltzaileen foru-zerbitzuak artatzen duen jarduera mota ohikoenetako bat da, baita zorrotzenetakoa ere eskakizun teknikoei dagokienez.