Aurreko edizioek izandako harrera ona kontuan izanda, Getxoko Udalak martxan jarri berri du, Ekonomia Sustapena sailaren bitartez, udalerriko merkataritza-ardatzak ikusarazteko, sustatzeko eta biziarazteko helburua duen GetxoAktibaTU! izeneko programa.

Juanma González Getxolan-Ekonomia Sustapeneko zinegotziak gogorarazi duenez, “GetxoAktibaTU! ekimenak hainbat helburu ditu: udalerriko hiri-ingurunea eta merkataritza-guneak dinamizatzea; tokiko talentua eta ekintzailetza antzematea, eta pertsonak partekatzera animatzea; herritarrei aktibitateen programa oso bat eskaintzea, negozio berriak aurkitzeko eta gozatzeko, eta herriak dituen negozioen eta profesionalen aniztasuna ikusaraztea”.

Iaz 500 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte GetxoAktibaTU! programaren barruan egindako jardueretan. 60 ekitaldi baino gehiago izan ziren, apiriletik urrira bitartean, guztiak udalerriko profesionalek, elkarteek eta negozioek antolatuak. Zortzi urteko ibilbidean, 12.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu programatutako 600 jardueratan baino gehiagotan.

Parte hartzea 

Dagoeneko hasi da apirileko agendarako parte-hartzaileak erakartzeko fasea. Programa honetan izena eman dezakete lokalean jardueraren bat duten edo antolatu nahi duten udalerriko saltokiek, ostalaritza-establezimenduek edo zerbitzu profesionalek, baita bere ezagutzak eskaini nahi dituenak edo hitzaldi edo tailer baten bidez norbaiti ahotsa eman nahi dionak ere.

Programari buruzko informazio gehiago 94 471 36 01 telefonoan edo getxoaktibatu@getxo.eus helbide elektronikoan.