Arrakasta handia izan zuen iaz Sestaoko Udaleko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB). Astelehen honetan goizean Merkataritzako zinegotzi Jesús Amenedok ezagutzera eman duen bezala, erakundeak 18.211,67 euro berreskuratu zituen 2023an kontsumitzaileen eta enpresen artean egindako bitartekaritza-lanari esker.

"Oso pozik gaude zerbitzu honek egiten duen lanarekin eta, horregatik, 2024. urteari begira, jendearentzako ordutegia zabaldu dugu", jakinarazi du zinegotziak. KIUB zerbitzua Behargintzako udal-langileek ematen duten baliabide bat da. Sestaoko udalerriko kontsumitzaileak defendatzea eta babestea du helburu nagusi, eta, horretarako, informazioa eta aholkularitza eskaintzen du, jaso eta izapidetu diren kontsulta, kexa, salaketa eta erreklamazioetan arreta eta erantzuna emateko.

Zehazki, Bulegoak kontsumitzaileen eskubide eta betebeharrei buruzko aholkularitza eskaintzen du, baita artikulu edo zerbitzu bat erostearen ondorioz sor daitezkeen gatazkak konpontzeko bitartekaritza ere.

Telekomunikazioen sektorea da erreklamazio-iturri nagusia

Iaz, Sestaoko KIUBek 146 erreklamazio izapidetu zituen guztira; horietatik % 32,87 telekomunikazioen sektorekoak izan ziren, % 18,5 garraiokoak, % 10,27 argi- eta gas-horniduretakoak, % 8,9 banku-zerbitzuetakoak, % 8,22 aisialdiko jardueretakoak, % 6,7 motorraren zerbitzuetakoak eta % 14,54 bestelakoetakoak.

Emakumeek erreklamazioen % 57 aurkeztu zituzten eta gizonek gainerako % 43a. Hiru erreklamazioetatik bi ( % 65) aurrez aurre egin ziren, % 30ek Udalaren webgunea erabili zuten eta % 5 posta elektronikoz iritsi ziren. Amenedok balantzearen aurkezpenean azaldu duenez, "izapidetutako espedienteen % 52 kontsumitzailearen interesen alde artxibatu dira, eta, horri esker, 18.000 euro baino gehiago berreskuratu ahal izan ditugu gure bizilagunentzat, 10 euro kopuru txikieneko espedientean eta 1.700 euro handienean".

Bestalde, Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak 248 kontsulta ere izapidetu zituen. Horietatik % 59 telefono bidez aurkeztu dira, % 25 aurrez aurre, % 14 web orriaren bidez eta % 2 posta elektronikoz.

Jasotako kontsulten rankingean ere komunikazioen sektorea da liderra, jasotakoen % 23,8 hari baitagozkio, eta, atzetik joan dira, ordena horretan, arlo hauek: garraioa, banka, produktu elektronikoak, banaketa-zerbitzuak, aseguruak, motor-zerbitzuak eta bestelakoak.

Prestakuntza handiagoa, arreta hobea eman ahal izateko

Merkataritzako zinegotziak positibotzat jo du Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa kudeatzeaz arduratzen den teknikariak Kontsumobidek antolatutako bi prestakuntza teknikoko saiotan parte hartu izana, bere ezagutzak hobetu eta kontsumitzaileei informazio hobea eskaintze aldera. Zehazki, zerbitzu horren arduraduna "Kontsumitzaileekiko kontratuak, gardentasuna eta abusuzko klausulak" gaiari buruzko jardunaldi batean eta "Banku-zuzenbidea" ri buruzko beste batean partaide izan zen.

2024. urteari begira, Sestaoko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak jendeari arreta emateko ordutegia zabaltzeko helburua ezarri du: iaz 20 ordu eskaintzen zituen astean, eta aurten, berriz, 25 ordu eskaintzen hasi da.