Bizkaiko parketxeek 41.335 bisitariko balantzearekin itxi dute 2023
75 bisita gidatu antolatu dituzte kokatuta dauden ingurune naturaletara, eta 1.595 pertsonak hartu dute parte
Bizkaiko parketxeek 41.335 bisitariko balantzearekin itxi dute 2023. urtea; bisita horietatik gehienak (18.667) taldeetan sartu gabe hurbildu ziren Armañon, Gorbeia eta Urkiolako parke naturalen interpretazio-zentroetara, hau da, bisitari partikular moduan. Foru-instalazio hauetara euren kabuz hurbildu ziren pertsonen jatorriari dagokionez, gehienak Euskal Autonomia Erkidegokoak izan ziren, Gorbeiako parketxearen kasuan izan ezik, azken honek bisitari gehiago jaso baititu Estatuko beste toki batzuetatik (4.180, EAEtik iritsi ziren 2.225en aldean). Eta beste 1.694 pertsona atzerrikoak ziren. Hiru parketxeetatik Urkiolakoa izan da iaz pertsona gehien jaso dituena (14.479), eta ondoren Gorbeiakoa (13.895). Beste alde batetik, Armañonek 12.961 bisitari izan ditu.
Bisitari kopuruari dagokionez foru-instalazio hauek bisitatu zituzten taldeen artean bigarrena eskola-umeena eta ikasleena da (13.164), aurreko ekitaldian zehar 316 hezkuntza-taldetan banatu zirenak. Antolatutako taldeetan, ikasleez gain, 4.944 pertsona pasa ziren parketxeetatik.
Zentro hauek, oro har, 75 bisita gidatu antolatu dituzte kokatuta dauden ingurune naturaletara, eta 1.595 pertsonak hartu dute parte. Erabiltzaile horiek 10 puntutik batez beste 9,4 punturekin kalifikatu dute bisitaren kalitatea.
Armañon: bisitari gehienak talde antolatu batean parte hartu gabe iristen dira eta EAEkoak dira
Azken parketxe honetan gehiengoa talde antolatu batean sartu gabe iritsi direnak dira (6.594 pertsona), eta interpretazio-zentro horiek eta kokatuta dauden ingurune babestua ezagutu dituzten 78 hezkuntza-taldeetako bat osatu dute. Guztira taldean 2.402 pertsona hurbildu dira Armañonera.
Parketxe honetako profesional-taldeak 23 jarduera gidatu antolatu ditu hezkuntza-taldeei eskaintzen zaizkienetatik harago. Jarduera horietan 330 pertsonak hartu dute parte, eta jarduerek lortu duten puntuazioa 9,3koa izan da. Gainera, zentro honetan garatutako hiru jarduera autogidatuetan 122 bisitarik hartu dute parte.
Armañonen partikularren bisita gehienak gaztelaniaz egin dira (5.463), eta pertsona horien artean EAEtik datozenek osatzen duten kolektiboa izan da nagusia (3.521).
Gorbeia: taldeko bisitak baino partikular gehiago
Gorbeiako parketxera 6.803 pertsona eta 5.305 ikasle hurbildu dira hezkuntza-taldeetan, eta 748 bisitari bestelako talde antolatuetan. Gainera 26 bisita gidatu antolatu dira, eta horietan parte hartu duten 649 pertsonen ustez bisitek 9,4 puntuko balorazioa lortu dute. Lau jarduera autogidatu garatu dira eta horietan 390 bisitarik parte hartu dute.
Parketxea banaka bisitatu dutenen artean, gehienak bikoteka (2.818), familian (1.795) edo lagunekin (1.750) bisitatu dutenak dira. Pertsona horiek batez ere Estatuko beste leku batzuetatik zetozen (4.180) eta munduko beste herrialde batzuetatik iritsi direnak 398 izan dira.
Urkiola: bisitari gehien duena eta bisitaldi gidatuetan puntuaziorik altuena lortzen duena
2023an Urkiolako parketxea izan da hiruretatik bisitatuena. Bisita horietan aipatu behar da 119 hezkuntza-talde hurbildu zirela bertara, 5.346 ikaslek osatuta. Beste 5.270 bisitari taldeetan sartu gabe etorri ziren, eta 1.794 pertsona hurbildu ziren talde antolatuetan.
Guztira 616 pertsona integratu dira parketxe honetan garatutako 26 jarduera gidatuetako batean, eta 9,5 puntuko batez besteko kalifikazioa lortu dute, hiru interpretazio-zentroetan altuena. Beste 1.453k antolatutako hiru jarduera autogidatuetan parte hartu dute.
Taldeetan sartu ez ziren bisitarien jatorriari dagokionez, gehienak EAEtik (2.551) eta Estatuko beste toki batzuetatik (1.985) etorritakoak dira.