Durangoko Azoka ate joka dago. Abenduaren 6tik 10era Landako Gunea sortzailez eta bisitariz beteko da eta Durango, Euskal Herriko kulturaren plaza bilakatuko da. Bertan, ez dira faltako Durangaldeko argitalpenak batuko dituen erakusmahaia. Zehazki, aurtengo edizioan 23 eragileren 90 lan eskuragarri izango dira eta horietako 10 nobedadeak dira. “Durangaldean ere asko daukagu erakusteko. Izan ere sortzaile oso emankorrak ditugu gure eskualdean. Guztien artean oso paper garrantzitsua betetzen dute gure eskualdea kulturalki aberasteko. Gure sortzaileak aitortzea eta babestea ezinbestekoa dela uste dugu gure eskualderean garapenerako”, adierazi zuen atzoko agerraldian Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak.

Izan ere, Durangaldeko Mankomunitatearen babesarekin, 58. Durangoko Azokan ere Durangaldeko argitalpenek leku berezia izango dute eta atzo prentsaurrekoa eskaini zuten Gerediaga eta Mankomunitateko arduradunek. “2004az geroztik, Durangaldeko sortzaile, elkarte, udal eta eragileei beren argitalpenen erakusketa eta salmenta errazten diegu Durangoko Azokan. Aurten Durangaldeko argitalpenak izena izango duten bi erakusmahai izango ditugu, Mankomunitatearen babesarekin eta Gerediaga Elkartearen kudeaketarekin”, eskertu zuen Nerea Mujika Gerediagako presidenteak.

Hala eta guztiz ere, eskualdeko argitalpenak erakusmahai hauetatik haratago ere aurkitu ahal izango dira. “Gerediagak, Mankomunitatearen laguntzarekin, Durangaldeko sortzaileei ezer ordaindu gabe beren lanak saltzeko aukera ematen diegu, baina noski, beste argitaletxe batzuetan ere durangaldeko sortzaileen lanak izango dira, beraz, eskualdeko sortzaileak aipatutakoak baino gehiago izango dira”, gehitu zuen Mujikak.

2024 egutegia

Gerediaga Elkarteak, bestetik, nobedade moduan 2024ko egutegia eta Astola aldizkariaren 17. zenbakia izango ditu azokan. Urtez urte, dagoeneko argitaratzen duen 28. egutegia da. Egutegiaren kasuan ere, Mankomunitatea da babesle nagusia.

Urtero legez, argazki zaharrak izango dira orriz orri eta egutegi berrian Ignacio Ansorenaren bildumakoak erakutsiko dira. “Egutegi zoragarria izango dugu salgai eta oso berezia gainera. Ignacio Ansorenaren argazki-bilduma eskuratu dugu elkarteko dokumentategirako eta horietako batzuk bertan erakutsiko ditugu. Urteetan Durangaldeko eta, batez ere, Durangoko historian zehar egin duen ekarpen grafikoa aitortu nahi diogu”, adierazi zuen Gerediagako presidenteak.