Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean abiatutako Euskaraz barra-barra egitasmoa zornotzara iritsi da eta dagoeneko herriko 20 establezimenduk jarri dute egitasmoaren ikurra. Honek adierazten du establezimendu horietan langile guztiek edo ia guztiek euskaraz ulertzen dutela, eta, zornotzarrek bertan euskaraz egiteko aukera izango dutela.

Euskaraz barra-barra ikurra Euskal Herriko txoko guztietan erabiliko den marka bateratu eta unibertsala izango da, eta bezeroari euskara erabiltzeko aukera bermatzea du helburu. Horrenbestez, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu ikur hori ikusten duten bakoitzean euskaraz hitz egin dezaten. Horrez gain, udaleko arduradunen helburua da pixkanaka herriko establezimendu gehiagok bat egitea egitasmoarekin, eta herritarrei euskaraz egiteko gonbidapen aktiboa luzatzea.

Momentuz 20 establezimenduk bat egin dute kanpaina honekin; besteak beste, Akiles osteopatia, Atertu kopiak, Bertoko ogia, Furundarena pelukerak, Gutierrez Botika, Mule zapatadenda eta Soinutxikie, baina aurrerantzean ere posible izango da parte hartzea. Establezimenduren batek Euskaraz barra-barra bereizgarria jarri nahi izanez gero, 946 30 00 02 telefono zenbakira deitu beharko du edo euskara@amorebieta.eus helbidera mezu bat bidali.