Alejandro Landaburu Labarixa ezagutzen den Elorrioko lehen argazkilari profesionala izan zen eta argazkigintzan noiz hasi zen ziurtasunez jakiterik ez badago ere, hogeiko hamarkadaren bukaeran izan zitekeela erakusten dute hainbat gertaerek eta bere artxibategian 1945 faktura daraman klitxe bat dago. Orain, argazkilari elorriarraren funtsa doantzan jaso du Gerediaga Elkarteak eta argazkiez gain, dokumentuak, liburuak eta argazki kamerak elkarteko Dokumentategiaren parte bilakatuko dira.

Alejandro Landaburu Elgiazu 1906ko abuztuaren 11n jaio zen Elorrion. Bost neba-arrebetan zaharrena zen eta aita gurdi-egile zuenez, Alejandrok ere automoziorako zaletasuna zeukan. Horregatik Elorrioko bainuetxera joaten ziren aristokrata-familien txofer moduan lehenengo, eta taxi-gidari gero lan egin zuen.

Uste da bere gidari-lanei esker ezagututako familia aberatsen baten eraginez piztu ahal izan zitzaion argazkiekiko zaletasuna, baina ezin da jakin noiztik hasi zen argazkigintzaren munduan profesionalki aritzen. Bizitzaren gorabeherak, gerra zibila hasi zenean, Alejandrok, Radio Requeté de Campaña konpainian izena eman zuen eta sukaldaria izan zan frontean, baina argazki-kamera eraman zuen berekin eta karlisten aldeko fronteko argazkiak atera zituen.

Urte batzuk geroago, bere artxibategian 1954ko faktura daraman klitxe bat dago. Fakturak erakusten du Alejandrok inbertsio handia egin zuela eta argazkilari moduan bere jarduera hasteko, baina ez zuen kalean argazki-dendarik jarri. Bezeroak etxera joaten zitzaizkion.

Urte horietan guztietan bildu zuen materiala haren iloba Pilar Landaburuk eta bere seme Francisco Javier Iruarrizagak gorde dute. Orain, Gerediaga Elkartearen esku utzi dute guztia eta doantzan jasotako materialaren artean daude, Elorrioko postal-bilduma, kristalezko plaka 120 mm eta 35 mmko negatiboak, 35 argazki album, 4 argazki kamera eta hainbat liburu eta dokumentu.

Dokumentategia

1985ean Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Dokumentategia sortzea erabaki zuen, eskualdeko edozein gairi buruzko informazioa biltzeko helburuarekin eta gaur gaurkoz, ikusgai eta kontsultarako Dokumentategia atalean 1.700 liburu eta liburuxka daude, 800 argazki German Zorraquin argazkilariaren funtsari dagozkionak, 520 postal zahar Durangaldeko lekuen erakusgarri, 1.500 baserri erregistro eta bilketa-lan horrekin lotuta, dohaintzak ere jasotzen ditu, berdin argazki funtsak zein bestelako materialak. Maiatzean, adibidez, Ignacio Ansorena argazkilariaren funtsak jaso zituen; orain Alejandro Landaburuk egindako irudi-bildumak batuko zaizkio iraganeko mundu eta garai bat ezagutzeko aukera ahalbidetuko duena.

Alejandro Landaburu

‘Labarixa’. 1906ko abuztuaren 11n jaio zen Elorrion Alejandro Landaburu ‘Labarixa’. Bera da ezagutzen den Elorrioko lehen argazkilari profesionala.

Argazki bilduma. Argazkigintzan noiz hasi zen jakiteko ziurtasunik ez badago ere, jasotako materialaren artean daude, Elorrioko postal-bilduma, kristalezko plaka 120 mm eta 35 mmko negatiboak, 35 argazki album, 4 argazki kamera eta hainbat liburu eta dokumentu.

Dokumentategia. 1985tik geroztik Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Dokumentategia sortzea erabaki zuen, eskualdeko edozein gairi buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Gaur gaurkoz, ikusgai eta kontsultarako Dokumentategia atalean 1.700 liburu eta liburuxka daude, 800 argazki, 520 postal zahar eta 1.500 baserri erregistro, besteak beste.