Udalerriko azpiegiturak hobetzeko eta trantsizio klimatikoa aurrera eramateko ahaleginean darrai Iurretak. Horretarako, joan den ostiralean 716.000 euroko kreditu gehigarria onartu egin zuen Udalak, diruzaintzako gerakinaren kontura, 2022ko aurrekontua likidatu ondoren, hainbat esparrutako proiektuak finantzatzeko.

Hala, onartutako 716.000 euroko kreditu gehigarria honako proiektu hauetarako erabiliko da: klima-trantsizioa, ondare historikoa lehengoratzea, mugikortasuna hobetzea, garapenerako lankidetza eta aparkaleku-azpiegitura berriak.

Oskar Koka jarduneko alkateak gerakinarekin finantzatu beharreko proiektuen garrantzia azpimarratu du, “gure udalerriaren beharrizanekin bat datozen kalitatezko azpiegiturak eskaintzen jarraitzeko egin behar dugun bidean aurrera jarraitzeko”.

 Hauek dira proiektuak:

1. Ibilgailu elektrikoa kargatzeko puntuak, 30.000 euro.

Garraioaren deskarbonizazioa funtsezko ardatza da berotze globalaren aurkako borrokan. Hori dela eta, ibilgailu elektrikorako trantsizioa errazteko, funtsezkoa da gure udalerrian kalitatezko kargatze-puntuen sarea pixkanaka hedatzea.

2. Erositako mendien basoberritzea, 50.000 euro.

Klima-aldaketaren aurkako neurrien artean, funtsezkoa da gure mendiak bertako espezieekin basoberritzea, era honetan, tokiko administrazio gisa gure karbono-aztarna murrizteko konpromisoa hartuz.

3. Baserrietako seinaleak berritzea, 17.000 euro.

Baserrien ondarea eta izen historikoak balioesten zituen seinaleak jarri zirenetik urte batzuk igaro direnean, beharrezkoa da berriz jartzea, horietako asko hondatu egin baitira.

4. Bidebarrietako aparkalekua, 450.000 euro.

Erredaktatzen ari diren Bidebarrieta kalea berrurbanizatzeko proiektuaren ondorioz, kale horretan, ia ehun aparkaleku kenduko dira. Hori dela eta, jarduketa hori egin baino lehen, beharrezkoa da kokaleku horretatik hurbil beste aparkaleku bat prestatzea.

5. Iturburuko espaloia konpontzea 40.000 euro.

Espaloi hori oinezkoentzat udalerrian egin zen lehen jarduketetako bat izan zen, hortaz, nahiko hondatua dago. Gainera, kontuan hartu behar da herritarrek asko erabiltzen duten pasealeku bat dela.

6. Santa Apolonia ermita zaharberritzea, 50.000 euro.

Ondare historiko-artistikoaren kontserbazioa funtsezkoa da gure udalerriarentzat. Hori da Santa Apolonia ermitaren kasua, Arandiako San Julian izenez ere ezaguna, 1075eko idazkietan aipatua.

7. Garapenerako lankidetza 14.000 euro.

2022ko deialdiko laguntzak emango dira, aurreikusitako aurrekontuaren kargura eman ez zirenak.

8. Askondoko alboetako itxiturak aldatzea, 15.000,00 euro.

Askondo espazioko alboetako itxiturak aldatu egin behar dira, egoera txarrean daudelako.

9. Maspe-Arandiako bidegorria konpontzea, 50.000 euro.

Maspen hasten den bidegorria Arandia inguruan bizipistarekin elkartzen denez, beharrezkoa da hura konpontzea eta berrantolatzea erabiltzaile gehiagori egokitzeko.