Ibilaldia Ondarroan ez da Ibilaldia esaten, Ibilaldixe baizik. Hizki bi horiek ahoskatzeko modu bat baino, bizitzeko modu bat irudikatzen dute, kresal usaindun bat. Alaixe. Argixe. Eta euskara goroldiorik gabeko harria dela erakusteko Xe lelopean ospatuko da aurten Ibilaldia, kostako herri bizkaitar honetan, maiatzaren 21an. Ohi baino astebete lehenago izango da, hausteskundeak direla eta. Lau gune ezberdinetan banatutako bost kilometroko ibilbidea proposatu du aurtengoan Zubi Zahar ikastolak antolatutako jaialdia. Antolakuntzak ez du gerturatuko den jende multzoaren aurreikuspenik eman, baina milaka euskaltzaleren bertaratzea espero da, nahiz eta Urdulizen ospatuko den Bizkaiako Dantzari Egunarekin bat egin. 

Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariaren esanetan, “ingurune euskaldunean izango da aurten Ibilaldia”. Izan ere, Eustateko 2021eko datuen arabera, Ondarroako herritarren %76,6a euskalduna da. “Hurbiltzen zareten denok aukera paregabea izango duzue euskaraz egun ederra pasatzeko”, azaldu du. Eider Galarraga Zubi Zahar ikastolako lehendakariak, aldiz, Ibilaldia Ondarroan hirugarrenez ospatzen dela gogorarazi du. Aurretik 1993an eta 2011an izan zen. “Urte osoan zehar hainbat ekintza eraman dira aurrera giroa berotzeko eta euskarari eta elkarlanari bultzada emateko Xe lelopean”, argitu du Bañalesek eta Galarragak egun bakarreko jaia ez dela baieztatu du.  

Ibilaldiak, aurten, lau gune eta bost kilometro izango ditu. Ibilaldia

Azaldu dutenez, Ibilaldiak bost kilometro izango ditu eta lau gunetan banatuta egongo da. Norbere gustuaren arabera, gunerik gune ibiltzeko aukera ematen da. Lehen gunea Zubi Zahar ikastolan egongo da, Zubixe izenpean. Bigarrena, berriz, Mazixe deituko da eta anexoan kokatuko da. Herrixe izango da hirugarren gunearen izena, Zeledonio eraikinaren inguruan. Azkenik, laugarren gunea, Talaxe, itsasaurrean kokatuko da. Familia guztiarentzako aproposak diren ekitaldiak ospatuko dira. Zubi Zahar ikastolako lehendakariordea den Iraitz Arantzamendik azaldu bezala, 26 ekimen antolatu dira, horietatik 18 guneetan eta 8 ibiltariak. Anje Duhalde, Dupla edota Pasadena taldeak izango dira, baita Goazen ikuskizuna edota bertso-saioa. Aurten, estreinako, datafono zerbitzua puntu guztietan egongo da, Ibilaldira doazen euskaltzaleei erraztasunak eskaintzeko asmoz.

Jende andana espero da Ondarroan maiatzaren 21ean. Hori dela eta, denentzako erosoago izan dadin, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute antolakuntzatik. Euskotrenek eta Bizkaibusek zerbitzu berezia jarriko dute martxan Ibilaldia dela eta: Euskotrenek Trañara zerbitzua emango du, eta handik, ordu erditik behin autobusak irtengo dira Ondarroara, 9:50etik 13:30era; eta Ondarroatik Trañara, 17:10etik 20:50era. Bestetik, lau aparkaleku egokituko dira: bi Bizkaitik datozenentzat, Gardotza industrialdean eta Cikautxo kooperatiban eta beste bi Gipuzkoatik datozenentzat, Saturraran hondartzan eta Mijoa industrialdean. Aparkalekuetatik transbordadore zerbitzua egongo da.