Sestaok Euskadiko eta Espainiako batel txapelketak jasoko ditu
Asteburu honetan, apirilak 22 eta 23, eta hurrengoan, hilak 29 eta 30, La Benedictako dartsenak Euskadiko eta Espainiako batel txapelketak jasoko ditu. Ostiral honetan goizean aurkeztu egin dituzte txapelketa hauek Sestaoko Udalak, Kaiku Arraun Elkarteak eta Euskadiko eta Espainiako Arraun Federazioek.
Negu osoan itsasadarrean lanean jardun ondoren, bertan jokatu da Bizkaiko Batel Liga joan den asteburuan, eta Bizkaiko Batel Txapelketa amaitzeko (Iberia klubak antolatu zuen, eta Kaikuk lau bandera, bigarren postu bat eta hirugarren postu bat lortu zituen). Eta orain, Sestao beste arraun giro sutsuko bi asteburu on bizitzeko prestatzen ari da, Euskadiko eta estatu mailako lehiaketak jokoan direla.
Euskadiko Txapelketako sailkapen txanda bihar, larunbat arratsaldeko 16: 00etan hasiko da. Bizkaiko eta Gipuzkoako 24 klubetako 94 ontzik hartuko dute irteera, infantil, kadete, jubenil eta senior kategorietan, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Finalak igandean izango dira, 10:00etatik aurrera.
Irabazleek zazpi egun geroago Espainiako Txapelketa jokatuko dute. Bertan, Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadiko klub onenak lehiatuko dira. Sailkatze txanda larunbatean izango da, 10:30ean, eta finalak igandean, 10:00etatik aurrera.
Txapelketa hauek La Benedictan antolatzea Kaiku Arraun Elkartearen mendeurreneko ekitaldien programaren parte da, talde sestaoarrak Sestao anfitrioia izateko akordioa lortu baitu Euskadiko eta Espainiako federazioekin.
Harro egoteko modukoa da gure udalerriak Kantauri Itsaso osotik Sestaora datozen bisitariak erakarriko dituzten bi kirol-proba garrantzitsu hartzea. Udalak eta Kaiku Arraun Elkarteak arraunaren festara batzeko eta itsasadarrera jaisteko deia egin nahi diete herritarrei, parte-hartzaileak animatzeko.