Elorrioko herria eta bere ondarea ezagutzea askoz ere errezagoa izango da martxan jarri berri duten gida birtualari esker. Udalak apustu handia egin du turismoa sustatzeko, digitalizazioari helduz, eta martxan jarri du Euskal Herrian aitzindaria den proiektu hau.

Turismoa, historia eta kultura indartzen dituen tresna honek bi esperientzia bateragarri eskaintzen dizkio erabiltzaileari: GPSak gidatutako ibilbide turistikoa herrian barrena eta misterio bat argitzeko jolasa.

Lehenengo proposamenak Elorriotik ibilbide berezi bat egitera gonbidatzen du bisitaria, GPSa aktibatu eta herriko hainbat interes-gunetara bideratuta: plaza, Bixixo kalea, udaletxea, basilika, plazako iturria, errebonbilloa, gurutzeak… Toki horietara iristeaz bat, eduki interaktiboak aktibatzen dira automatikoki aplikazioan –audio-gidak, argazkiak, estekak…–; baita gertaera paregabeak kontatzeko bideoak eta birsorkuntza animatuak ere. Hain justu, XVI-XVII mendeetako burdinola baten berreraikuntza egin da, duela 300 urte baino gehiago elorriarren bizimodua nolakoa zen jakiteko aproposa. “Ibilbidea bukatzerakoan, Elorrioren historia aberatsaz askoz gehiago jakingo dugu, eta modu interesgarri eta dinamikoan, gainera”, azaldu du Imanol Pinelo Ninboko sortzaileak.

Arlo hori publiko orokorrari begira egin den moduan, jolasa ere prestatu da; haur eta gaztetxoentzat dago bereziki pentsatua. Elorrio familian ezagutzeko, azken finean. “Elorrioren historian oinarritutako ipuin bat oinarritzat hartuz, Elorrion barrena murgilduko gaituen abentura bat biziko dugu, eta helburua misterio bat argitzea izango da”, aurreratu du Pinelok. GPSari jarraituz, txoko bakoitzean Elorrioko historiaren zati bat kontatuko da, misterioa argitzeko pista berri bat jaso eta abenturan aurrera egiteko. Jokoan 3D itxurako kutxa-gotor birtualak argitu beharko dira, eta baita burdinola birtualaren barruan lan egin ere.

“Ninboko sortzaileek mimo handiarekin landu dute atal dibertigarri hau, puntapuntako teknologia erabilita. Horregatik, oso zaila da antzeko jolasak aurkitzea, eta, ondorioz, esperientzia paregabea eskaintzen du jolasak”, azaldu du Alazne Mendizabal turismo zinegotziak.

​​Turismo eredu jasangarrirantz

Elorrioko Gida Birtualean lehendik sortuta zeuden tresnak txertatu dira, digitalizatu ostean. “Eredu jasangarriago batera urratsak egiteko, katalogo, mapa eta liburuxkak digitalizatu dira. Elorrioko Udalak 100.000 eurotik gora euro inguru inbertitzen ditu urtero turismoan, eta orain arte egindako ahalegin guztia gordeta dago aplikazioan”, dio Mendizabalek. “Gainera, kontuan hartu behar da, halako euskarriek aukera ematen dutela etengabe berritzeko, informazio berria sartzeko eta pausoak ematen jarraitzeko”, gehitu du. Hala, 2023an hizkuntza gehiagotan erabili ahal izango da eta puntu gehiago gehituko dira.

Elorriko Gida Birtualaren kostua, guztira, 17.666 eurokoa izan da, eta Elorrioko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu dute Urkiola Landa Garapenaren kudeaketari esker. Jadanik deskargatu eta erabili daiteke eskuko telefonoetan, Google Play edota App Storen bitartez.