Martxoaren 28tik 30era bitartean ospatu egingo dira Barakaldon 'Norabidean' izeneko jardunaldiak. Ekimen honen helburua gazteei lan-etorkizunaren inguruko erabakiak hartzeko prozesuan laguntzea da.

Nerabezaroa etapa erabakigarria da, eta hainbat erabaki hartu behar dira bizitzako hainbat eremutan. Horietako bat prestakuntzaren eta ikasketen eremua da, gazteen hurrengo urteak eta, neurri handi batean, haien lan-etorkizuna baldintzatuko dituena. Hala ere, askotan, arlo horretan erabakiak hartzea zaila izaten da gazteentzat ez ezik, prozesu horretan lagundu behar izaten dituzten haien familientzat ere. "Horregatik, Gazteria udal zerbitzuak eta Gazte Bulegoak (gazteei informazioa eta laguntza emateko bulegoa), Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Norabidean Jardunaldiak jarriko dituzte abian. Jardunaldi horietan, baliabideak eta laguntzak jarriko ditugu gazteen eta familien eskura, prestakuntzari eta ikasketei buruzko erabakiak hartzeko une horretan laguntzeko" adierazi du Gazteria Arloko zinegotzi Jonathan Martinek.

Jardunaldiak martxoaren 28tik 30era bitartean burutuko dira Gazte Bulegoan (Donibane kalea, 17-Barakaldo). Jarduera guztiak doan izango dira. Jardueretarako aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, telefonoz, Whatsappez (94 4789596 / 688 63 99 35) edo emailez (gaztebulegoa@barakaldo.eus).

Ateak zabalik jardunaldiak

Martxoaren 28, 29 eta 30eko goizetan (10:00etatik 14:00etara), Gazte Bulegoa zerbitzuak arreta berezia eskainiko die inguruko prestakuntza- eta orientazio-baliabideak ezagutu nahi dituzten gazteei eta familiei. Hortaz, goiz osoan, Barakaldoko Gazte Bulegoak eta gure ingurukoek eskaintzen dituzten gazteentzako prestakuntza-, orientazio- eta aholkularitza-baliabideak aurkeztuko dira.

Orientazio-saioak

Martxoaren 28 eta 30eko arratsaldeetan, gazteentzako eta haien familientzako bokazio-orientazioko programa bat garatuko da. Programa horretan, gaur egun dauden aukera akademikoak eta lanekoak landuko dira: lanbide-heziketa, unibertsitatea eta prestakuntza-aukera berriak. Era berean, azken urteetan sortu diren graduak eta ikasketa-modalitate berriak ezagutaraziko dira. "Lan-merkatuak azken urteotan izan duen joera eta gaur egun gehien eskatzen diren lanbideak ere aztertuko dira, betiere bizitzarako eta lanerako gaitasunak kontuan hartuta: zer dut gustuko? Zer egiten dut erraz? Zer kostatzen zait gehiago?" adierazi du.

Prestakuntza-programak bi saio izango ditu eta honako gai hauek landuko dira:

  1. saioa: Zeharkako gaitasunak edo bizitzarako trebetasunak landuko dira, bokazio profesionalaz eta erabakiak hartzen laguntzen diguten esperientziez edo tresnez gain.
  2. saioa: Probintzia-mailan dagoen unibertsitateko eta egungo lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzari buruz hitz egingo da, bai eta merkatuaren egungo egoerari buruz eta aukera bakoitza eskuratzeko hainbat gakori buruz ere. Amaitzeko, ezagutzen hasteko eta aukeretan gehiago murgiltzeko dauden aukera eta tresnei buruz ere hitz egingo da.

Programa Barakaldoko DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei eta haien familiei zuzenduta dago.

Gazteentzako ordutegia: 17:00-18:30, eta familientzat: 19:00-20:30. Martxoaren 17tik 24ra izango da izena emateko epealdia.