Síguenos en redes sociales:

'Red de Ciudades que Caminan' sarearekin bat egin du Aldundiak

'Red de Ciudades que Caminan' sarearekin bat egin du AldundiakBFA

Astearte honetatik aurrera, martxoak 7, Bizkaiko Foru Aldundiak bat egingo du Estatu osoko 80 toki-erakundek (18k 100.000 biztanle baino gehiago dituzte) osatzen duten Red de Ciudades que Caminan sarearekin. Sare hau irabazi-asmorik gabeko nazioarteko elkartea da eta oinezkoen egoera hobetzeko interesa duten udalerri eta lurraldeak biltzen ditu irisgarritasun unibertsala, bide-segurtasuna eta ingurumena bera hobetzeko ekimenak abian jarriz eta elkartrukatuz.

Sarea osatzen duten hiri horien artean daude Valentzia, Sevilla, Zaragoza, Palma, Alacant, Kordoba edo Valladolid udalerriak. Bizkaian, Bilbo, Basauri eta Zalla Sareko kideak dira, eta Euskadiko gainerako udalerriak Gasteiz, Irun eta Errenteria dira.

Bizkaiko Foru Aldundia Ciudades que Caminan Sarean integratu den hirugarren foru- edo probintzia-erakundea da, Pontevedrakoaren eta Cadizkoaren atzetik. Hiruren artean 3,3 milioi pertsona dira Sarearen lanak eragiten dien 10 milioi pertsonetatik.

Izena ematean foru erakundeak Sarearen hamar printzipioak sinatzen ditu, bere politika publikoen elementu inspiratzaile gisa. Printzipio horien artean daude, besteak beste, pertsonak lehenestea hiriak eta lurraldeak planifikatzeko orduan; espazio publikoa izateko eskubidea, hau da, kaleetan ibilgailuen presentzia murriztea; oinez egiteko moduko hirien diseinua sustatzea, funtsezko zerbitzuetara iristeko distantziak minimizatuko dituena eta oinezkoentzako bideak eta egoteko lekuak handitzearen aldeko apustua egingo duena; edo bide-segurtasuna areagotzea, adibidez hiriko kaleetan gehienez orduko 30 kilometroko abiadura sustatuz.

Udalen autonomiari kalterik egin gabe, argi dago Foru Aldundiaren politikak lagungarri izan daitezkeela eta koordinazio-tresna izan daitezkeela helburu horietan aurrera egiteko, adierazi du Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, Miguel Ángel Gómez Viarrek. Udalaz gaindiko erakundea garen aldetik, espazio publikoa egoteko eta ibiltzeko leku gisa taxutzeko orduan eragiteko aukera dugu, eta, horretarako, hobekuntzak egin ditzakegu alderdi oso garrantzitsu eta interesgarrietan, hala nola hiri-mugikortasunean, bide-segurtasunean, osasun publikoan edo ingurumen-hobekuntzan.

Mugikortasun Aktiboaren oinarriak

Halaber, Sarearen printzipioek jasotzen dute bizikletak, patinak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak eta garraio publikoa oinez egiteko moduko hirien aliatu onak direla, hirian automobilaren erabilera murrizten laguntzen dutelako, nahiz eta horiek ez diren inoiz mehatxu izan behar oinez doazen pertsonentzat.

Gogoratu behar da joan den otsailaren 21ean Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak Mugikortasun Aktiboaren Adierazpena Euskadin aurkeztea bultzatu zuela. Ekimen honen xedea mugikortasun-modu aktiboetara, batez ere oinez ibiltzera eta bizikleta erabiltzera bideratzea da, ildo horretako politikak garatuz eta jarduera-ildo berriak sortuz.

Oinez eta bizikletaz ibiltzea dira, garraio publiko jasangarriarekin batera, mugikortasun aktiboaren hiru zutabe nagusiak. Bi aukera horien erabilera egokiak, osasunerako eta ingurumenerako onurez gain, espazio publikoa eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eragiten du, gogorarazi du Gómez Viarrek.

RCC Sareak gai interesgarriei buruzko informazio-kanpainak ere egiten ditu, adibidez une honetan udalerrientzat oso garrantzitsua den Emisio Txikiko Eremuak sortzeko premiari lotuta daudenak.

Gaur egungo "Hiri Desiratua-La Ciudad Deseada" kanpainak interes handia sortzen du; kanpaina honetan infografia moduko azalpen-posterrak argitaratzen dira, bizikleten eta oinezkoen bizikidetzari, espaloi onei edo bizikidetzako kaleei buruzkoak, besteak beste, eta horietan interes handiko informazio ugari laburbiltzen da.

Behinola garrantzitsua izan zen hiri-kale askotan 30 km orduko abiadura sartzeko borroka, eta Sareak ahalegin handiak egin zituen horretan. Beste kanpaina batzuk eskola-mugikortasunari, hiri-ereduari, metrominutuari eta urteroko Mugikortasunaren Europako Asteari buruzkoak dira.