Sestaoko Udalak 3.492.500 euroko aurrekontua bideratuko du Galindoko futbol-zelaiak berritzeko eta modernizatzeko. Dagoeneko esleitu egin ditu obrak.

Kontratuak barne hartzen ditu proiektua idaztea eta obrak egitea. BYCAM enpresa irabazleak proiektua hiru hilabeteko epean aurkezteko konpromisoa hartu du, eta, ondoren, bederatzi hilabeteko epea izango duten lanak hasiko ditu.

Instalazioak erabiltzen dituzten klubei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko, lehenik eta behin futbol-zelaietako bat egokituko da, eta amaituta eta erabiltzeko prest dagoenean, obrak beste zelaira eramango dira. Horrela, beti egongo da jokaleku operatibo bat.

Esku-hartze honen bidez, Galindoko futbol-zelaiek dituzten gabezia batzuk konponduko dira. Lehenik eta behin, Ballontiko Ardatza eraiki eta finkatzearen ondorioz sortu ziren egonkortasun-arazoak konponduko dira. Bigarrenik, soropil artifiziala jarriko da bi zelaietan. Eta, hirugarrenik, kirol-eremuan aldagela eta argiztapen berriak jarriko dira.

Egin beharreko lanak

Moketadun zelaian egingo diren lanak honako hauek izango dira: soropil artifiziala eta oinarri asfaltikoa kentzea, drainatze-sistema berreraikitzea, betegarri berria jartzea, ureztatze-sistema hobetzea, azken belaunaldiko belar artifiziala instalatzea, taldeentzako aulkiak eta jokorako ateak ordeztea, paperontziak eta itxitura berria instalatzea, harmaila hobetzea eta argiztapena optimizatzea kalitate eta energia-efizientzia handiagoko fokuak instalatuz.

Belar naturaleko zelaian belar artifiziala jarriko da. Bertan egingo diren lan nagusiak honako hauek izango dira: soropil naturala kentzea, zelaia behar bezala berdintzea, drainatze-sistema berreraikitzea, ureztatze-sistema hobetzea, betegarri berria jartzea, azken belaunaldiko belar artifiziala instalatzea, taldeentzako aulkiak eta jokorako ateak ordeztea, paperontziak eta itxitura berria instalatzea, harmaila hobetzea, argiztapen-dorretxoen ordez dorre berriak jartzea eta argiztapena optimizatzea kalitate eta energia-efizientzia handiagoko fokuak instalatuz.

Zelaietako lanen barruan, halaber, eraikinetako bat eraitsi eta berreraiki egingo da, bertan gutxienez zortzi aldagela kolektibo, arbitroen bi aldagela, komunak, biltegiak eta taberna hartzeko. Bestalde, bi futbol-zelaien artean dagoen espazioa taldeek beroketa-ariketak egiteko gune gisa edo proposatzen den beste edozein konponbiderentzat egokituko da.

Udala pozik

Ainhoa Basabe alkateak eta Jesús Amenedo Kiroletako zinegotziak poza adierazi dute, instalazio horiek erabiltzen dituzten gazte kopuru handia dela eta, oso garrantzitsutzat jo duten proiektu bat esleitzeagatik. Honako hau adierazi dute: “Bidean zehar arazo batzuk sortu dira eta, udal teknikariekin batera lan eginez, konponduz joan gara esleipenaren une honetara iritsi arte; baina arazo horiek, zoritxarrez, atzerapenak eragin dituzte. Onena da orain badugula enpresa bat proiektua idazten berehala hasi eta obrei uda honetan ekingo diena”.

Tamaina horretako obrak ordaindu ahal izateak dakarren oztopo ekonomikoa banku-kreditu baten bidez konpondu ondoren, Udalak futbol-zelaien erreforma lizitaziora atera zuen 2022ko martxoan, baina prozesua esleitu gabe geratu zen.

Ondoren, zerbitzu teknikoek kalkulu ekonomikoak eguneratu zituzten, eraikuntzaren sektoreari eragiten dion egungo inflazio-egoera ekonomikora egokitzeko eta, hala, 2022ko abuztuaren 30ean, espedientea bigarren aldiz atera zen lizitaziora.

2022ko irailaren 23an, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak errekurtso

bat aurkeztu zuen Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan (KEAO), ez baitzegoen ados proiektuaren idazketa eta obren exekuzioa kontratu berean sartzeko Udalak hartutako erabakiarekin.

Ondorioz, 2022ko irailaren 28an, KEAOk prozesua kautelaz eten zuen kasua aztertzeko, eta, beraz, Udalak ezin izan zuen aurrera egin lizitazioarekin.

Urtarrilaren 13an, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak iragarri zuen Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren errekurtsoa ezetsi eta espedientearen gaineko kautelazko etetea kentzen zuela. Horrenbestez, Udalak berehala ekin zien gestioei, eta urtarrilaren 17an eta otsailaren 9an haiei dagozkien kontratazio-mahaiak deitu zituen dokumentazioa ireki eta aztertzeko eta kontratua esleitzeko.

Proiektu hori gauzatzeko, Udalak bi dirulaguntza garrantzitsu lortu ditu.

Lehenengoa, 400.000 eurokoa, Eusko Jaurlaritzak eman du; eta Bizkaiko Foru Aldundiak 544.853 euro jarriko ditu, Azpiegiturak sozietate publikoaren bidez.