Euskal Herriko populazioa edadez geroz eta nagusiagoa dela urteetako fenomenoa da. Eta Lea-Artibaiko eskualdearen kasuan, 65 urte baino gehiago dituztenen portzentaia %24tik gorakoa da, 80 urte baino gehiago dituztenena %8,8koa delarik. Datuen arabera, adinez nagusi direnen Lekeitioren populazioa 1.800 gorakoa da, guztira 7.300 pertsonara heltzen den biztanlerian. Etorkizunean mantenduko den tendentzia da berau, gainera. Zenbakiei erreparatuta, populazio tarte honi begirako hainbat ekimen jarri dira martxan, besteak beste orain dela zenbait urte martxan jarri zen Lekeitio Lagunkoia delako estrategia.

Hauen segurtasuna hobetzeko, aspaldi ezarri zuten etxebizitzetan ke-detektagailuak jartzearen aldeko apostua, “adinekoen segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoz”. Bada, berau zabaltzeko proposamena egin du Udalak, izan ere “80 urtetik gorako lekeitiarrak etxeetan suteak saihesteko ke-detektagailuen instalazioaren onuradunak izan ahalko dira”.

Erabiltzaile gehiagorengana heltzeko asmoz, Lekeitioko Udalaren helburua “onuradunen adina 80 urtera arte jaistea izan da”. Horretarako, progresiboki egindako lana izan da, “urtetik urtera adina zenbait urtetan jaitsi” delarik. “2019 urtean 86tik gorakoek erabili zezaketen zerbitzua, 2020an 83tik gorakoek eta 2022an 82tik gorakoek. Aurten gutxieneko adina 80ra arte jaistea lortu da, egitasmoaren hasierako helburua lortuz”, toki-administrazioko arduradunek azaldu dutenaren arabera. Gogoratu dutenez, “zerbitzua doakoa” da, Udalaren gain gertazen delarik kostu osoa, “guztira 16.000 euro”, “beraz, onuradunek ez dute ezer ordaindu behar”. Esan beharra dago Lea-Artibaiko eskualdean doako zerbitzu hau ematen duen udalerri bakarra dela Lekeitio.

Bestetik, mantentze-lanak egiteko aprobetxatuko dute aurten zabaldutako aukera. “Erabiltzaile berriez gain, aurreko urteetan instalatutako detektagailuei ere mantentze-lanak egingo zaizkie”, esan dute. “Guztira, Lekeition, 291 erabiltzailera heltzera helduko da aurten”. “Ekimen honek bi helburu nagusi ditu”. Alde batetik, “etxeen egitura ezagutzea ebakuazio beharrizanen aurrean”, inoiz zerbait gertatuko balitz, larrialdia dagoen lekutik errezago alde egin ahal izateko. “Adineko pertsona askok mugitzeko arazoak dituztenez, garrantzitsua da erreakzio-denborak murriztea, azkar ebakuatu ahal izateko”, nabarmendu dute. Bestetik, populazioaren diagnostikoa egingo da, adinekoek dituzten beharrizanak identifikatuz.