Urtero bezala, Sestao Kirolak erakundeak udalerriko kirolaririk onenak saritu ditu. Ekitaldia ostegun honetan arratsaldean egin da, abenduak 22, eta lehendabiziz 'Jon Azurmendi kirol-gala' lelopean ospatu egin da, Sestaoko Udaleko Kirol zuzendari 36 urtez izan zen Josu Azurmendiren omenez, bera izan baitzen 1999tik egiten den hitzordu honen aitzindaria.

Ainhoa Basabe alkateak bere ongietorrian poza adierazi zuen, pandemiako bi urteren ondoren, normaltasuna itzuli baita kirol-jarduerara. 2022an Sestaon egin diren lehiaketen zerrenda zabala ere errepasatu zuen, eta azpimarratu zuen Bizkaiko herri gutxi batzuek soilik erakuts dezaketela Sestaokoaren mailako kirol-jarduera. Azkenik, 2023an protagonista izango diren hitzordu garrantzitsu batzuk ere aurreratu zituen, hala nola, San Pedro Kirol Elkartearen, Kaiku Arraun Klubaren eta Las Llanas Udal Zelaiaren mendeurrenak eta Salleko saskibaloi-klubaren 50. urteurrena.

Taekwondo Makaku klubak eskainitako ohorezko aurreskuaren ondoren hasi zen sari-banaketa.

Gizonezko kirolari onenaren saria Álvaro Calvo Castañares atletarentzat izan zen, Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Kirolen Espainiako Federazioak antolatutako lehiaketa egokituan lortu zituen luzera-jauziko eta jauzi hirukoitzeko urrezko dominengatik, eta baita Federazioaren teknifikazio-taldeko kide izateko deitua izateagatik ere.

Emakumezkoen kategorian, urteko kirolari onenaren saria Alba Salazar Gómezentzat izan zen, Parkour Spain Series 2022 nazioarteko txapelketan irabazitako zilarrezko bi dominengatik, eta Espainiako Parkour-txapelketan txapeldunorde postua lortzeagatik, abiadura-kategorian. Parkour Kirol modalitatea olinpikoa izan liteke Los Angelesko 2028ko Jokoetan.

Lagun Artea klubeko kide den Peio Pérez García pilotariak gizonezkoen promesa onenaren saria jaso zuen; 14 urte dituela, urte berean bi modalitateetan, eskuan eta palan, Bizkaiko txapeldun den historiako pilotari bakarra izateagatik. Gainera, haur-kategoriako larruzko paletaren Euskadiko txapelduna eta kadete kategoriako eskuzko pilotaren Enkarterri Torneoko txapelduna ere izan da.

Emakumezkoen kategorian, promesa onenaren saria Benedikta Squash Clubeko Irune Peinado Garcíarentzat izan zen, 15 urtez azpiko Espainiako Kopa-txapelketa lortu zuelako eta selekzio autonomikoen txapelketaren kategoria absolutua jokatzeko Euskadiko selekzioak deitua izan delako.

2022ko Kirol Elkarte Nabarmenenaren saria Sestao Waterpolo Klubarentzat izan da, kategoria guztietan izandako hazkunde kuantitatibo eta kualitatiboak denboraldiko lehiaketa guztietan lortutako emaitza onetan izan duen islagatik.

Euren arrakasten artean, besteak beste, honako hauek egon dira: Lehen Euskal Mailara igotzea, Udaberri Kopako lehen postua eta ligako kadete mistoko kategorian txapeldun izatea.

Soulé Abiolak, EGBA Kirolak klubaren sortzaile eta presidenteak, Kirola Sustatzeko Jarduerak Garatzeagatik ematen den banakako saria jaso zuen, futbola hainbat herrialde eta kulturatako gazteak integratzeko bide gisa erabiliz egin duen lanagatik. EGBA Kirolak futbol-taldeak hainbat gizonezko-talde ditu, eta orain emakumezkoen talde bat ere martxan jartzen saiatzen ari da.

Kirolaren Sustapenean Nabarmendu den Elkartearen saria Sestaoko Boleibol Klubarentzat izan zen, parte-hartzaile kopurua handitzeagatik – batez ere emakumeen kategorian – eta eskola-mailan eta federatuan lortzen ari diren arrakasta ugariek islatzen duten lanaren kalitateagatik.

Aurten, Sestaoko Herriaren Giltza Paki Blanco Espinazori eman zioten, kirolari eskainitako bizitza oso baten aitorpen gisa. Paki Sestaoko boleibol-klubari lotuta egon da historikoki, eta bertan hainbat kategoriatan jokalari eta entrenadore izan da. Gaur egun, emakumezkoen talde seniorraren prestatzailea da, eta, gainera, monitorea da Udal-Kirol Zerbitzuan, Las Llanas kiroldegian.

Kirol-gala girotu eta udaleko kirol-instalazioetan egiten den lanaren zati txiki bat agertzeko, heldu eta gazteen aerobic-taldeak, Altzairu patinaje-klubak eta taekwondo-taldeek erakustaldiak egin zituzten bertaratuentzat.

Ekitaldia amaitzeko, Jesús Amenedok, Kiroletako zinegotzi gisa, barkamena eskatu zuen kirol-instalazioak birmoldatzeko zenbait proiekturen atzerapenagatik eta, ildo horretan, Las Llanas udal-pilotalekua eta Galindoko futbol-zelaiak aipatuta, azaldu zuen udala lanean ari dela gure herriak kalitatezko ekipamenduak izan ditzan.