Datorren astelehenean, abenduak 19, 'Andrés Espinosa: Bakarrik eta Libre' izeneko liburuaren aurkezpena egingo da Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan. Obra hau komiki formatuan egin da, eta mendizaletasuna da jorratzen duen gai nagusia.

Ekitaldia auditorioan egingo da, Ramon Olasagasti egilearen, Cesar Llaguno ilustratzailearen eta Jabi Baraizarra (Mendifilm) eta Argiñe Areitio (Sua Edizioak) zuzendarien eskutik. Halaber, Andres Espinosa mendizale zornotzarrarekin erlazioa izan zuten hainbat pertsona ere izango dira aurkezpen ekitaldian.

Luciano Martinezek, Kultura eta Kirol zinegotziak, komiki honen argitalpenaren garrantzia azpimarratu du, Espinosari eta bere lorpen ugariei aitortza bat egiten dietelako. Era berean, mendizale zornotzarrak eta herritarrak orokorrean gonbidatu ditu asteleheneko aurkezpen ekitaldira, Andres Espinosaren ibilbidea hurbilagotik ezagutu ahal izateko.

Euskal mendizaletasunaren aitzindaria

Andres Espinosak (Amorebieta-Etxano 1903-1985) balentria handiak lortu zituen euskal mendizaletasunak lehen urratsak ematen zituen bitartean. Nahiz eta bere ibilbidea euskal mendietan hasi, bere lorpen handienak gure lurraldetik kanpo izan ziren, hala nola: Urriellu tontorra sokarik gabe eskalatzea, Mulhacen, Veleta eta Teide bakarrik igotzea, Mont Blanc eta Cervino gailurrak bakarrik igotzen lehena izatea, Afrika zeharkatzea Kilimanjaro igotzeko edo Himalaiaraino bidaiatzea gailur berrien bila.

Hirugarren komikia

‘Andres Espinosa: Bakarrik eta Libre’ lana Sua Edizioak eta Mendifilm Festivalek mendiari buruz argitaratutako komiki sorta baten hirugarrena da. Aurretik, beste bi komiki ere argitaratu dira: ‘Everest, Herri bat gailurrean’ eta ‘Iñurrategi anaiak, Mendiari bihotza emanak’.