Síguenos en redes sociales:

Adineko pertsonentzako lau parke osasungarri sortu ditu Barakaldok

Herritarren zahartze aktiboa sustatu nahian, Barakaldoko Udalak inbertsio handia egin du adineko pertsonentzako lau parke osasungarri berri sortzeko. Parke horiek Burtzeña, Desertu Berria, Lutxana eta Kastrexana auzoetan sortu egin ditu Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuen sailak. Guztira 110.000 euroko aurrekontua bideratu egin du Udalak.

Hala, Udalak martxan jarri du hirian lau parke berri jartzeko kontratu bat. Lehena Bizkaiko Labe Garaiak etorbidean kokatuko da, Galindo ibaiaren alboan (Desertu Berria auzoa); bigarrena, Pio Baroja kaleko 1. zenbakian, Llano inguruan (Lutxana), hirugarrena Munoa kaleko 19. zenbakian (Burtzeña), eta laugarrena Las Delicias kaleko 3. zenbakian (Kastrexana). Ekimenaren aurkezpenean, Amaia del Campo alkateak honako hau azpimarratu du: «Gune horiek harrera bikaina dute gure nagusien artean. Asko disfrutatzen dute gailuekin eta aktibo mantentzen dira. Horregatik, guneok auzo guztietara zabaltzea nahi dugu, zerbitzu hori adinekoengana hurbiltzeko, zeina Udaletik sustatzen ari garen, Zapatillas programaren bitartez, adibidez».

Parke berri horiek zenbait ariketa egiteko gailuak izango dituzte: aldakak indartzeko, bizkarreko, sorbaldetako eta ukondoetako mugikortasuna hobetzeko, gorputzaren behe-ataleko muskulatura lantzeko, artikulazioen malgutasuna hobetzeko, abdominalak lantzeko, oreka praktikatzeko, bizikletak...

Hogei gune bioosasungarri baino gehiago

Lau parke berri horiei esker, Barakaldok adinekoentzako hogei gune bioosasungarri baino gehiago izango ditu. Parkeok hiriko zenbait auzotan zehar banatuta daude:

  • Lutxanan, Retuerton, Megapark inguruan, Okelurin, Gernikako Arbolan, La Paz auzoan, Gorostizan, Murrietan, Urian, Francisco Gómezen, San Bizenten, Arrontegin, Zuhatzu-Arteagabeiteian eta Ansion.

Gainera. gaur egun adinekoentzako lehen gune bioosasungarria sortzen ari dira Gurutzetan, Barandiarán inguruan.