Urtero bezala, Galdakaoko ikasle eta irakasleek ingurumenaren alorrean egiten ari diren egitasmoen berri eman diete joan den astean izandako bilera batean Galdakaoko Udaleko ordezkariei, Eskola Agenda 2030aren barruan antolatutako ekimen batean.

Udaletxeko pleno aretoan batu ziren Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Nerea Orozko Ingurumen zinegotzia, Ainara Tellaetxe Ingurumen teknikaria, eta Andra Mari, Elexalde zein Eguzkibegi ikastetxeetako ikasle eta irakasleen ordezkaritza bat. Bertan, ingurumena zaintzeari begira hartzen ari diren neurriak kontatu dizkiete elkarri.

Andra Mariko ikasleek hainbat ekintza zehatz eta berritzaile abiatu dituztela kontatu diote alkateari: batetik, apurtutako euritakoak bildu poltsa bihurtutzen dituzte, botatako materiala berrerabilita. Bestetik, euren ortua lantzen ari dira ikastetxean. Eta proiektu aitzindaria ere abiatu dute: farm fish deritzona. Arrainen hondakinak landareak hazteko erabiltzen dituzte.

Elexalde zentroan zaborraren inguruko kontzientziazio kanpainan jartzen ari dira indar gehien.

Eguzkibegin ere barne mailako kontzientziazio kanpainan murgilduta daude, eta bestetik, inguruko landareen katalogoa osatzen ari dira.

Iñigo Hernando alkateak, egin duten lana eskertu die ikasleei, eta Udalak egin dituenen berri eman die haiei: zero kilometroko produktuak sustatzeko ostegunero bertoko baserritar eta ekoizleen azoka egiten duela azaldu du, adibidez, energia berriztagarrien ekoizpenerako hainbat proiektutan murgildu dela plaka fotovoltaikoak oinarri hartuta, eta herri barruko autobus elektrikoa jartzeko probak egiten ari dela. Adi egoteko ere esan die alkateak ikasleei: azaroaren 26an klima aldaketari aurre egiteko ekintza zehatzak aurkeztuko direla, besteak beste, etorkizunera begira egingo den ekitaldi garrantzitsu batean.