Ostegun honetatik aurrera, martxan da Amorebieta-Etxanoko Kaitana plazako igogailu berria. Honekin, Udalak herriko toki guztietan irisgarritasuna hobetzeko erronkari eutsi dio.

Eraikitze lanak amaituta, martxan da dagoeneko Kaitana plaza eta Santa Ana, Andrandi eta Jauregizahar batuko dituen igogailu berria. Amorebieta-Etxano Udalak 780.000 euroko aurrekontua bideratu du, eta igogailu berriak hirigunetik datorren ibilbide irisgarria hobetu eta laburtu du, udalerriko beheko zonaldea mendi-hegalaren gaikaldean dauden auzoekin lotuz. 

Anartz Gandiagak, Hirigintza zinegotziak azpimarratu du obra honekin, Amorebieta-Etxano herritar guztientzat irisgarriagoa izateko konpromisoa berretsi duela Udalak: “Kaitanako igogailuaren eraikitzearekin urrats bat gehiago ematen dugu atseginagoa eta guztiontzat irisgarriagoa izango den Amorebieta-Etxano eraikitzeko, oztopo arkitektonikorik gabeko herria izan dadin, herritarren mugikortasuna errazten duena. Udal honentzat lehentasunezkoa da egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien udalerri eredu baterantz aurrera egiten jarraitzea eta horri helduta lanean jarraituko dugu, orain arte bezala. Esan eta egin”.

Igogailu berria eta konexio pasarela

Igogailua eraikitzeko, nukleo bertikala mendi-hegalean erdi lurperatu da eta pasabide horizontal batekin elkartu da, bi puntuak lotuz. Horretarako, beheko eremua birdiseinatu da, igogailua ikusarazteko, eta arrapalaren hasiera hiri-altzari elementu zaindua bihurtzeko. Goiko aldean berriz, pasabideak bat egiten du Santa Ana bidea zeharkatuko duen oinezkoentzako bide berriarekin. Horrez gain, ingurune guztia urbanizatu du Udalak.