Urtero bezala, Bilbao Bizkaia ekimenak parte hartuko du datorren astean Valladoliden ospatuko den Intur azokan. Nazioarteko ekitaldi hau azaroaren 17tik 20ra bitartean egingo da, eta bertan barne turismoa sustatzea izango du helburu egitasmoak.

Bi hamarkada baino gehiago daramatza parte hartzen Bilbao Bizkaiak barne turismoko azoka horretan, gastronomiari, merkataritzari, museoei eta kulturari lotutako proposamenak azpimarratuz (tradizionalki Gaztela eta Leongo bisitariak eskatzen dituen esparruak), eta parte-hartze horren helburua da autonomia-erkidego horretako bisitari gehiago etor daitezen batez ere abenduko zubian eta Gabonetan. Intur azokaren bi eremu nagusiak landuko dira, horretarako. Batetik, Bilbao Bizkaiko ordezkaritza Valladoliden dauden sektore turistikoko eragileekin batuko da lehenengo egunean, haiekin harremanetan hasteko edo harreman horiek sendotzeko, baina baita hiribilduan eta lurraldean turismoa garatzen lagunduko duten sinergiak sortzeko ere. Bestetik, azoka pertsona guztientzat irekitzen den egunean, stand horretan lurraldeko produktu eta baliabide turistikoei buruzko informazioa eskainiko da, eta txakolin-dastatzeak egingo dira, Idiazabal gaztarekin uztartuta, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik.

Standa, material jasangarriekin egindakoa

Bilbao Bizkaiaren standa pinu-zuraren listoiekin dago egina batez ere, eta zur hori enborrak ahalik eta gehien aprobetxatzeko sistema bat erabili dituzten Euskadiko landaketetatik dator. Horiek erabiliz kubo bat egin da, eta alboetan, Bizkaiko Flyscharen, helmugaren logoaren eta Bilbao Guggenheim Museoaren irudiak dituzten argi-kaxak jarri dira. Azken irudi horrek museoaren hogeita bosgarren urteurrenaren erreferentzia bat izango du, eta jendeari arreta emateko jarriko da erakusmahaian. Kuboaren azken alboan, txakolinari lotutako irudi bat egongo da, ostiral arratsaldetik igande eguerdira bitartean egingo diren dastatzeak girotzeko.

Intur azoka

Aurtengo barne turismoko nazioarteko azoka 25.a da, eta bi atal izango ditu: Intur Negozioak, azokaren lehenengo egunean; profesionalak bakarrik egongo dira egun horretan azokan –aurten, lau kontinentetako dozena bat herrialdetatik etorritako ehun erosle inguru egotea aurreikusten da–. Eta Intur Bidaiariak, jende guztiarentzat izango den erakusketa handia; bertan, turismoaren azoka honetan erakutsiko diren helmugen eta esperientzien eskaintza ikusiko dute hara hurbiltzen direnek

Aurten 25 urte betetzen dituenez, Intur azokak prestakuntzarako espazio bat ere izango du: Intur Talks. Espazio horretan landuko dira turismo-esperientzien eta helmugen merkaturatzearekin lotutako alderdiak, jasangarritasun energetikoa turismo-ostatuetan, salmenta-aukerak, nazioartekotzea edo negozio-turismoa, besteak beste.