Bihartik aurrera eta apirilaren 30era arte, indarrean egongo da, urtero bezala, neguko bidezaintza plana. Aurtengo kanpainan Bizkaiko Foru Aldundiak 431 profesionalez eta elurra kentzeko 89 makinez osatutako ekipoa izango du. Horrez gain, kontrol-zentroei informazio eguneratua eta iraunkorra eskaintzen dieten sareko puntu esanguratsuetan kokatutako sei estazio meteorologikok osatuko dute ekipoa.
Berritasun moduan neguko kanpaina honetarako dispositiboak elurra kentzeko 4 makina berri eta N-240 errepidean, Barazarren, 900 metro kubikoko edukierako gatza pilatzeko instalazio estali bat ditu. Era berean, bigarren urtez jarraian, Bizkaiko neguko bidezaintza planak datuen analisia txertatzen du dispositiboaren kudeaketan, baliabideen erabileran eraginkortasuna handitzeko. Sistema hori elurra kentzeko makinetan bertan instalatutako kameren sare batek osatzen du, egoera eta jarduera denbora errealean ezagutzeko aukera ematen dutenak, eta flotaren kudeaketa kontrol-zentroetatik ahalbidetzen duen software batek. "Teknologiari, datuen bilketari eta analisiari esker, bilakaera meteorologikoaren neurketa askoz zehatzagoa izateaz gain, askoz ere eraginkorrago erabil ditzakegu eskura ditugun baliabideak makinak eta langileak behar diren tokietara lehenago iritsi ahal izateko" azaldu du Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak.
Bizkaimove aplikazio berritua ere oso lagungarria izango da aurtengo neguan. Azpiegituren arduradunek lurraldeko bide-sarea erabiltzen duten pertsonei gomendatzen diete bidearen egoerari eta baldintza meteorologikoei buruz etengabe informatuta egotea, eta kontu handiz ibiltzea egoera txarretan gidatu behar badute. Aplikazioa, doakoa eta sistema eragile guztietarako erabilgarria, oso tresna baliagarria da urte osoan zehar eta, bereziki gorabeherak gertatzen direnean, ohiko ibilbideak pertsonalizatzeko aukera ematen duelako eta errepideko gorabehera horien berri denbora errealean ematen duelako.
Neguko Bidezaintza Planak trafikoko lau baldintza maila jasotzen ditu, galtzadak duen elurraren eta izotzaren arabera. Lau egoera horietako bakoitzean abiadura-mugak, zirkulazio-murrizketak edo kate edo pneumatiko bereziekin zirkulatzeko derrigortasuna ezartzen dira. Era berean, Neguko Bidezaintza Planak hiru lehentasun-maila ezartzen ditu galtzada garbitzeko. Horrela, 1. mailak etengabeko zerbitzua ezartzen du errepide eta autobide nagusietan, ospitaleetarako sarbideetan eta adibidez aireportua edo Bilboko Portua bezalako azpiegituretan zirkulazioa bermatzeko. Maila horretan zirkulazioa bermatuta dagoenean, makinek izotzez edo elurrez garbituko lituzkete lehentasun txikiagokotzat jotako errepideak.
Neguko bidezaintza plana Bizkaiko Foru Aldundiaren baliabideez hornitzen da, hala nola Malmasingo kontrol zentroa, Bizkaiko suhiltzaileak, Interbiak eta foru langileak. Era berean, ondo joan dadin, ezinbestekoa da Bizkaiko udal guztiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzea.
2021-2022 balantzea
Aurreko kanpainan guztira 52 alerta aktibatu ziren elurragatik eta tenperatura minimoengatik; horietako lau maila horikoak eta laranjakoak izan ziren elurragatik, eta gainerako 36ak alerta horiak izan ziren tenperatura minimoengatik. Urtarrilean eta otsailean 35 alerta izan ziren. Izotzak eta elurrak eragindako gorabeherei aurre egiteko Aldundiak elurra kentzeko 5.237 ordu erabili zituen, eta 3.889 tona gatz banatu zituen errepideetan.