Urtero bezala, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du aurten ere bai Durangoko Udalak. Hala, datorren larunbatetik aurrera, hainbat jarduera egingo dira udalerrian. Gaur goizean, ekitaldi honen aurkezpena egin da.

Egun horretan jarduera desberdinak proposatuko dira, durangarrak mugikortasun iraunkorragoko eta ingurumenarekiko begirunetsuagoko bide berriei buruz kontzientziatzeko.

Programazioa prestatzeko, Udalak herriko hainbat elkarte eta eragileren laguntza izatea erabaki du, besteak beste, Atik Skatepark, Stop Bide Indarkeria, Durango MTB Sapubike, Dukerami, Hazi Hezkuntza, Larrasoloeta Xake Taldea, Basati, Berbaro, Dendak Bai, Decatlon, Txita.com eta Inurri Eskaut Taldea. Tokiko elkarte eta eragile horiek hainbat tailer eskainiko dituzte mugikortasun ohitura berriak sustatzeko, herrigunea oinezkoentzat eta txirrindularientzat atseginagoa izan dadin.

Kanpaina honen bidez, Durangoko Udalak honako puntu hauek sustatu nahi ditu:

  • Herritarrak sentsibilizatzea oinezkoentzako Durango atsegin baten onurei buruz eta ibilgailu pribatuak hartu ohi duen espazioak izan ditzakeen beste erabilera batzuei buruz.
  • Durango ez hain kutsatua egon dadin, ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko beharraz kontzientziatzea.
  • Joan etorrietarako bitarteko jasangarrienak sustatzea (oinez, bizikletaz eta garraio publikoan).

“Ikusten dugu Europa osoan aurrera egiten ari dela mugikortasun eredu iraunkorrago baterantz, eta Durangon ildo horretan jarraitzen dugu lanean. Pausoak eman behar ditugu Durango oinezkoentzat eta txirrindularientzat geroz eta herri atseginagoa izan dadin”, adierazi dute Patxi Lakuntza eta Juanan Bueno zinegotziek.

Jardueretarako eremuak

Jose Miel Barandiaran kalea tailer eta jolasetarako erabiliko da. Besteak beste, Zeramika tailerrak, Joko Tradizionalak, Txirrindularientzako eskulan tailerrak, Xakea, talo edota Paint Bike tailerrak eskainiko dira.

Bestalde, Zumalakarregi kalea ‘Gurpil Gainean’ izeneko gunerako erabiliko da. Besteak beste, Bidegorrietatik bizikletan ibiltzeko hiru irteera egongo dira 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan. Horrez gain, bizikleta zirkuitu bat antolatuko da kale berean. Gainera, bizikleta denda eta bizikletak mantentzeko tailer bat ere egongo dira, skate tailer batekin eta herri-banaketarako bizikleta zerbitzuarekin batera.

Azkenik, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek ‘Sexberdinak’ antzezlana antzeztuko dute larunbatean 20:00etan San Agustin Kultur Gunean, mugikortasunaren problematika modu ikusgarrian erakutsiz.