85.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin ondoren, Durangoko Udalak inauguratu berri du San Ignazio auzoko parke berria. Lanek sei hilabeteko iraupena izan dute.
Otamotzenako parkearen ostean, San Ignaziokoa izan da Udalak legegintzaldi honetan eraberritu duen bigarren jolasgunea, eta datozen asteetan Txibitenako eta Sasikoako haur parkeak gehituko zaizkie, lanak irail hasieran hastea aurreikusita baitago. Horrela, Durangoko Udalak herriko haur parkeak konpontzeko planari jarraitzen dio, jolasguneak mantentzeko Aurrekontuetan partida propioa sortu ondoren.
“Parke berri honek haurrentzako zein nagusientzako espazio berriak eskaintzen ditu, durangarrek Udalari aspaldi eskatu zioten bezala. Urte luzeetako aldarri bati erantzun nahi diogu gobernu taldetik, izan ere, kontziente gara urte luzeetako mantenu faltak herriko haur parke asko egoera txarrean utzi dituela, eta horretarako mantenu plan bat garatzen gabiltza. Lan asko daukagu aurretik, baina gogorik ez zaigu falta”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.
Lan hauei esker, parkeari aisialdirako elementu berriak gehitu zaizkio. Egurrezko altzariak eraikitzeaz gain (Otamotzena parkean jarrita daudenen antzekoak), umeentzako jolasgune berri bat jarriko da adin talde ezberdinentzat; horien artean, arrapala bikoitzeko tirolina bat, oreka horizontaleko jolasak, oreka jokoak sare inklinatuarekin eta orkatilak. Parke berria diseinatzeko, udal arduradunek Durangoko Familiak plataformaren laguntza izan dute, eta egindako ekarpena eskertu nahi izan diote.
Gune ezberdinak
Tutu formako egitura jokoari eutsiko zaio jolasgunearen erdigune gisa. Kaiak eta hegazkina (hiru elementu) kolunpioaren ondoan lekualdatuko dira, 0-3 urteko haurrentzako jolasgune bat sortzeko. Gainera, jokoen konposizioak oreka ibilbide bat egitea erraztuko du, kautxuzko zoladuran hasi eta tirolinaren hasieran amaituko dena.
Altzari berriak parkearen kanpoaldean kokatuko dira, bertara sartzeko puntu bakoitzarekin lotuta, eta bertan kokatuko dira egonlekuak. Horrela, proiektatutako altzariek giro ezberdinak sortzen lagunduko dute: pasealekuan atseden hartzeko guneak, gazteen arteko harremanetarako gunea, adingabeak zaintzeko guneak edota pertsona nagusientzako egonlekuak.
Halaber, datozen hilebeteetan parkerako elementu berriak gehitzeko asmoa erakutsi dute udal ordezkariek, tobogana kasu, zenbait gurasoren eskaeraren aurrean.