Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta bi urtez bertan behera utzi behar izan ondoren, Galdakaok Santa Kurtzetako jaiak berreskuratuko ditu aurten. Jaiak irailaren 9tik 18ra bitartean ospatuko dira, eta Udala pregoilaria eta txupineroaren hautatzeko epea ireki egin du.

Pregoilaria herri galdeketa bidez aukeratuko da. Horretarako, lehenik eta behin, proposamenak egin behar dira (herritar bakoitzak gehienez ere 3 proposamen) eta ostean, proposamen bideragarriak bozkatuko dira (pertsona bakoitzak boto bat edukiko du). Bozkatu ahal izateko, beharrezkoa izango da 16 urte baino gehiago izatea eta Galdakaokoa izatea. 

Uztailaren 10era arte egin daitezke proposamenak, erabaki.galdakao.eus parte hartzerako plataforman edota Torrezabalen, Urretan eta ESANen jarri diren kutxetan. Ondoren, Galdakaoko Udaleko Kultura arloak eta Jai Batzordeak hautagaiak aztertu, eta iragazkia igarotzen duten proposamenak bozketara eramango dira. Herritarrek uztailaren 15etik 30era izango dute aukera botoa emateko, eta hautagai bozkatuena izango da jaietako pregoilaria. (Berdinketa balego, Jai Batzordeak hartuko du erabakia).

Txupineroa, aldiz, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadriletako batekoa izango da eta Jai Batzordea osatzen duten elkarteek proposatu eta aukeratuko dute. Horretarako Jai Batzordeko elkarte bakoitzak proposamen bana aurkeztuko du eta batzordeko bilera batean aurkeztu eta aztertuko dira hautagaitzak, eta bozkatuko da txupineroa. 

Hala ere, pregoilariak baldintzatuko du txupineroaren aukeraketa generoari dagokionean: pregoilaria gizona bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak txupinera emakumea proposatuko du. Pregoilaria emakumea izatekotan, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak gizonezko txupineroa proposatuko du. Eta pregoilaria ez-bitarra bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak txupineroa nahi duen generoko pertsona proposatuko du. Berdin gertatuko da, pregoilaria elkartea bada.