"Hirugarren sektore ekonomiko sendo bat izateak, hau da merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektore erakargarriak, herritarrei bizi kalitatea eta herri-dinamismoa eskaintzen die". Hala, eguneroko moldaketak behar dituen sektore ekonomikoa da berau, bai Markina-Xemeinen eta baita edozein udalerritan. Nabarmendu dutenez, "aldi berean, gertutasunezko zerbitzu eta aukera komertzial zabala izateak jendea herrian bertan bertan kontsumitzera bultzatzen du, herriari bizitasuna eta erakargarritasuna emanez, eta bizimodu jasangarriagoa bultzatuz". Kontu hauek gidalerro izanik, Markina-Xemeingo Udalak atzo eman zituen aditzera herriko Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia. Jada martxan jarria, "plan hau ekin-tza parte-hartzaile desberdinen bidez diseinatua eta gauzatua izango da, hiritarrei zein merkataritza sektoreko eragileei irekiak egongo direnak, eta datozen hilabeteetan gauzatuko direnak".

Zehaztutakoaren arabera, hiru fase izango ditu Markina-Xemeingo Merkataritza Indarberritzeko Plan Bereziak, Hemen Be Bai elkartearekin egingo dutena. "Kontsumitzaile diren heinean, herritarrei zuzenduriko inkesta bat egingo da, bai telefonoz eta baita kalean ere". Bigarren fase batean sektoreari ere inkesta bat luzatuko zaio, "eskaintza aztertzeko helburuarekin". Hirugarren batean, prozesu honetan lorturiko emaitza eta ondorioak ekintza-lerro zehatzetan gauzatuko dira, "datozen urteetan sektorearen arlo urbanistiko eta lehiakorrean garatzen joateko". Amaitzeko, Ekintza Plan bat gauzatuko da, udalaren eskaintza eta gune komertzial, ostalari nahiz zerbitzu-guneak hobetzen eta modernizatzen lagunduko duena; eta aldi berean, gaur egungo gizartearen beharrei eta kontsumo ohiturei erantzun egokiagoa emango duena.

Berebizikoa da merkataritza sektore erakargarria izatea udalerri baten egunerokotasunean. Eta honen bizi-kalitatearen adierazle da. Eta azken urteotan hainbat zailtasun pasatutakoa da sektore ekonomiko hau. "Azken urteetan sektorea etengabeko aldaketak jasotzen ari bazen, joera hau areagotu egin da covid-19 pandemiak eraginda, zeinak eragin zuzena izan duen merkataritza sektorean, bai komertzializazio moduetan eta baita kontsumo ohituretan ere", azaldu dute.

Ekintzak

Hau honela, erosketak egiteko moduak errotik aldatu dira. "Internet bidezko erosketak, tokiko kontsumoaren garrantziak, salmenta prozesuei lotutako zerbitzuak... indarra hartzen doaz", diotenez. Guzti honekin, sektoreak "berrantolaketa eta lehiakortasunerako hobekuntzen beharra dauka". Horrexegaitik da beharrezko Merkataritza Indarberritzeko Plan berezia egitea. Eta Markina-Xemeingo Udalak "herritarrak, kontsumitzaile nagusiak diren heinean, eta baita sektorea bera ere proiektuan laguntzera eta datozen hilabeteetan garatuko diren ekintza desberdinetan parte hartzera gonbidatzen ditu". Besteak beste, etorkizun laburrean inkesta telefonikoak, kale-inkestak, elkarrizketak edota sektoreko lan-taldeak" egingo dituztela aurreratu dute. Prozesu honetan Ikertalde izango dute bidelagun. "Proiektuaren ekintza teknikoen garapenarekin arduratuko den Ikertalde aholkularitza enpresarekin lankide-tzan", zehaztu dutenaren arabera.