Barrikak udako udalekuak eskaintzen ditu lau astez
Barrikako Udalak ekainean eta uztailean egingo diren udalekuetan plaza eskatzeko deialdia egin du. Zehazki, jarduerak lau astez egingo dira, eta udalerrian erroldatuta dauden 4 eta 12 urte bitarteko haurrei (2010 eta 2018 artean jaiotakoei) zuzenduta egongo dira.
Horri buruz, Barrikako Udaleko Kultura zinegotzi Itziar Unibasok hau adierazi du: "Beste urte batez udalekuen alde egin dugu; Barrikako herritarren aldetik harrera handia izaten dute. Hala, jarduerak eskaintzen ditugu, sasoi horretan haurrek gozatzeko eta elkarrekin sozializatzeko, eta, gainera, familiei kontziliatzen laguntzen diegu".
Ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da; hala ere, interesa dutenentzat, goiztiarrentzako zerbitzua ere egongo da 08:00etatik 09:00etara. Honela banatzen dira asteak: ekainaren 27tik uztailaren 1era, uztailaren 4tik 8ra, uztailaren 11tik 15era, eta, azkenik, uztailaren 18tik 22ra. Azpimarratu behar da izena emateko epea ostiral honetan (maiatzak 20) hasten dela, eta 27an amaitu.
Izen-emateak eta prezioa
Interesdun familiek liburutegian eman dezakete izena; era berean, 94 6775163 telefono zenbakira deitu edo udalekuak@barrika.eus helbide elektronikora idatz dezakete. Leku-kopurua mugatua da, eta eskaera gehiago badago leku baino, zozketaz esleituko dira horiek. Gainera, maiatzaren 31n (asteartea) familiei onartutakoen zerrenda jakinaraziko zaie.
Udalekuen prezioa joango den aste kopuruaren araberakoa da. Aste baten prezioa 20 euro da; bi asterena, 30 euro; hirurena, 40 euro, eta, azkenik, lau asteena, 50 euro.