Bizkaiko Foru Aldundiak Mungian herritarren arretarako bulego integral berri bat irekiko duela iragarri du. Zehazki, eskualdeko arretarako bosgarren bulego integrala izango da, eta lehen joan-etorri handiagoa behar zuten 150 izapide baino gehiago eskaintzeko aukera emango du. Besteak beste, Ogasun Sailaren Bulego Deszentralizatuan ematen ziren zerbitzu guztiak eta herriko Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan eskaintzen zirenak bilduko dira. Aldunditik jakinarazi dutenez, Herribide kaleko 5. zenbakian dagoen estarña lokal berria 14 pertsonako talde batek zainduko du.

Bulego berria martxan dago jada, eta Mungialdeko 14 udalerritako 45.600 pertsonari baino gehiagori emango die zerbitzua aurrerantzean Aldundiarekiko kudeaketak eskualdean egin ditzaten, Bilboraino joan beharrik izan gabe. Gainera, instalazio hauek, Durangon, Bermeon, Gernikan eta Balmasedan dauden aurrekoek bezala, izapideak egiteko aukera emango diete kokatuta dagoen eskualdean bizi diren pertsonei ez ezik, bertara joaten diren herritar guztiei, bizi diren lekua edozein dela ere.

Elixabete Etxanobek, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, nabarmendu duenez "Gertu sarearen bulego integral berria abian jartzea aurrerapausoa da Bizkaiko herritarrei arreta gehiago eta hobea emateko. Pertsona eta kolektiboei balio-zerbitzuak emateko, hurbiltasunean eta lurralde-orekan oinarrituta".

Etxanobek aurreratu duenez, Bizkaiko herritarren arretarako sarea handitu egingo da urtea amaitu baino lehen, Igorren eta Markinan bi bulego berri irekiz: "Konpromiso irmoa da hori: Aldundia Bizkaiko pertsona guztiengana hurbiltzen jarraitzea", esan du amaitzeko.

Izapide eta zerbitzu berriak

2016an inauguratu zen Durangoko bulegoan lehen aldiz ezarritako ereduari jarraituz, Mungiako ekipamendua funtsezkoa da Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko herritarrei eskaini nahi dien arretan. Arreta horren ezaugarria da sarrera eredu bakarra duela edozein pertsonak foru-erakundearekin izapidetu behar dituen kudeaketa guztietarako eta, horrela, alde batera uzten da orain arte erabilitako eskema, zerbitzu edo sail jakin batzuen arabera banatuta eskaintzen zena.

Ogasuneko bulegoan eta Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan lehen egiten ziren zerga-kudeaketez eta nekazaritza-izapideez gain, Mungiako bulegoak 150 zerbitzu baino gehiago eskaintzen dizkie herritarrei, eta horietako batzuk lehen aldiz ematen dira instalazio hauetan, hala nola: Bizkaiko Foru Aldundiko sail guztietako zerbitzuei buruzko informazio orokorra; erakunde honi eta beste administrazio publiko batzuei zuzendutako idazkien erregistroa; jakinarazpenak ematea; Foru Aldundiko hautaketa-prozesuetan izena ematea; Aldundiak kudeatutako gizarte-prestazioak kobratzeari/ez kobratzeari buruzko ziurtagiriak jaulkitzea; familia ugariaren titulua lehen aldiz jaulkitzea eta titulua berritzea; sinadura elektroniko aurreratuko ziurtagiriak jaulkitzea; baita kexak eta iradokizunak aurkeztea ere. Bulego honetan orain arte Bilboko Laguntza bulegoan, Foru Liburutegian dagoenean, eta Durango, Bermeo, Gernika eta Balmasedako herritarren arretarako eskualde-bulegoetan ere egiten ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduerarekin lotutako izapideak ere egin daitezke.

Mungiako bulegoak harrera-gune edo esparru bat du eta bertan pertsona batek ongietorria egingo die erabiltzaileei eta horien beharrak eta nahi duten zerbitzu mota antzemango ditu, bulegoan bertan bidezko arreta-gunera bideratzeko. Arreta-puntu horiek hamahiru dira guztira: izapide orokorrei erantzuten dietenak (4 lanpostu), Ogasun Sailari lotutako izapide espezializatuetakoak (4 postu, errenta kanpainan bi gehiago izango direnak) eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari lotutako izapide espezializatuak (3 lanpostu). Bulegoak, halaber, idazgu bat du arreta pribatuagoa behar duten gaietarako.

Jendearentzako ordutegia 8:30etatik 14: 00etara artekoa izango da, astelehenetik ostiralera, udan izan ezik (ekainaren 14tik irailaren 10era), orduan 8:30etatik 13:30etara egongo baita irekita.