Lurraldeko hainbat udalerrietan gauerditik aurrera jasandako euriteak direla eta, ehun esku-hartze inguru egin behar izan dituzte Bizkaiko suhiltzaileek zen Aldundiko errepideak zaintzeko zerbitzuek, batez ere Kadagua eta Nerbioi-Ibaizabal ibaien arroetan.

Balantzea behin-behinekoa bada ere goizaldean foru-suhiltzaileen esku hartze gehien behar izan dituzten udalerriak Barakaldo, Basauri, Santurtzi eta Igorre izan dira.

Gainera, Suteak Prebenitzeko, Itzaltzeko eta Salbamenduko Foru Zerbitzuak 5 erreskatetan esku hartu du ibilgailuen barruan zeuden pertsonei irteten laguntzeko; gorabehera horietan ez da kalte pertsonalik izan.

Beste alde batetik, errepideak zaintzeko zerbitzuko langileek dozena bat jarduketa inguru egin dituzte azken orduetan, gehienak lur-jausien ondoriozko garbiketa-lanak eta oztopoak kentzea.

Era berean BI-625 errepidea berriro irekitzea aurreikusi da, goizaldean izandako lur-jausiaren ondoren bazterbidean hesiak jarriz. Horri esker aukera egongo da Arrankudiaga Laudiorekin lotzeko eta AP-68 autobidea Arakaldon hartzeko.

Beste alde batetik, BI-636 errepidea guztiz itxita dago La Encartada txapel-fabrikatik gertu eta goizean zehar errei bat irekitzeko ustea dago. Une hauetan garbiketa-lanak egiten ari dira tokian.

Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, Alonsotegin izan da, eta foru suhiltzaileen eta Bizkaiko Foru Aldundiko errepide zerbitzuko langileen lan itzela nabarmendu du: "Bizkaiko Foru Aldundiko errepideetako foru-zerbitzuek eta suhiltzaileek lan itzela egin dute, eta egiten jarraitzen dute, eskura dituzten giza baliabide eta baliabide material guztiekin. Gau osoan ehun bat esku-hartze egin dituzte urak hartutako eremuetan. Zorionez ez da kalte pertsonalik gertatu, nahiz eta garaje, lokal, enpresa eta ibilgailuetan eragin handia izan duten, batez ere Cadagua eta Nerbioi-Ibaizabal ibaien arroetan. Eusko Jaurlaritzako meteorologia-zerbitzuek eta larrialdietako zuzendaritzak aurreikusten duten bezala, euria goizean zehar arintzea espero dugu, eta normaltasuna lehenbailehen lehengoratzea" adierazi du. Rementeria Alonsotegira joan da Elixabete Etxanobe, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuarekin batera, eta diputatua euriteek gogorren jo duten udalerrietara joango da goizean zehar.