Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak ospatuko du bere 50. urteurrena modu berezian. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ikasgela mugikor bat Bizkaian zehar ibiliko da suteen prebentzioari buruz irakasteko herritarrei. Zehazki, gela berezi hau Santurtzitik, Igorretik, Lekeitiotik eta Deriotik pasatuko da udazken honetan.

“Egunero gertatzen dira suteak, baina ia beti saihestu daitezke. Larrialdirik onena inoiz gertatzen ez dena da”, azpimarratu dute Aldundiko suhiltzaileek, eta herritarrei gela mugikorrera hurbiltzeko gonbita egiten diete. 1970ean sortu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 180.000 esku-hartze inguru egin ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak datorren igandean, urriaren 17an, Santurtzin, Bizkaiko herritarrak oro har, baina haurrak eta gazteak bereziki, suteen aurkako prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzeko gela mugikor bat estreinatuko du.

Santurtzin, Igorren, Lekeition eta Derion izango dira foru suhiltzaileak udazken honetan, beren-beregi diseinatutako eta ekipatutako edukiontzi eramangarri batekin, hitzaldien, adibide praktikoen eta ginkana-tailerren bidez suteen aurkako segurtasun printzipioak eta autobabesaren printzipioak modu ludiko eta didaktikoan zabaltze aldera. Edukiontzi eramangarri zabalgarriaz gain, autobonba-kamioi baten laguntza izango dute, eta egoki den erreferentziazko parkeko suhiltzaileek egingo dituzte jarduerak, Santurtziko udalerriaren eta Uriosteren (Ortuella) kasuan. Arrantza portuko zabalgunean egongo dira. Aurreikusita dagoen egitaraua goizeko 10:00etatik 14:30etara luzatuko da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren 50. urteurrena Bizkaiko herritarrekin partekatzeko sortu zen ekintza hori; iazko azaroan bete zen 50. urteurren hori. Hala ere, pandemia-egoeraren ondorioz, atzeratu egin behar izan zen zerbitzua abian jartzea. Foru Aldundiko suhiltzaileen asmoa euren ikasgela mugikorra lurraldeko eskualde guztietara hurbiltzea da: orain udazkenean eta, ondorik, datorren urteko udaberrian.

1970ean, Bizkaiko lehenengo suhiltzaile-parkeek beren ateak ireki zituzten Gernikan, Durangon eta Trapagaranen; parke horietan, guztira, 50 suhiltzailek, bi sarjentuk eta zerbitzuburu batek zerbitzu horren lanak hasi zituzten, egunero bi lan-txandatan. Bizkaiko suhiltzaileen lehen esku-hartze ofiziala jasotzen duen akta urriaren 30etik azaroaren 5era bitartekoa da. Ez zen deskribatu zer ezbehar mota izan zen, ezta data zehatza ere. Irteera Trapagarango parkean izan zen, Santurtzin izandako istripu bati aurre egiteko. Hori dela eta, Santurtzi aukeratu da igandean, hilak 17, ikasgela ibiltariaren ibilbidea hasteko.

Hurrengo datak, beti igandez, honako hauek izango dira: urriaren 31n Igorren egongo da gela mugikorra, azaroaren 14an Lekeition eta azaroaren 21ean Deriora hurbilduko da. Jarduerak egingo dituzten suhiltzaileen foru zerbitzuko langileak Basauri, Markina eta Derioko parkeetakoak izango dira, hurrenez hurren.