Astelehen honetan, irailak 13, argitaratu berri diren PEN Internationalen eta Euskal PENen historiari buruzko liburuen aurkezpena egin da. Urtzi Urrutikoetxeak eta Laura Mintegik idatzitako liburuen aurkezpena Euskararen Etxean egin da, eta bertan izan da Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatu Lorea Bilbao.

Argitalpen hauek euskal kulturari egiten dioten ekarpen baliotsuagatik babesten ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Goizeko aurkezpenean PEN International-en eta Euskal PENen azken dinamikak ere azaldu dituzte.

1921ean jaio zen PEN International-ek 100 urte bete ditu 2021 urtean. Mendeurren horren harira nazioarteko erakundeak liburu grafikoa argitaratu du darabiltzan hiru hizkuntzetan, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz. Liburu osoaren euskarazko bertsioa ere argitara eman da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Etxepare Euskara Institutuaren babesaz.

Nazioarteko PENen 100 urteko historia jasotzeaz gain, euskarazko bertsioaren azken atalean Euskal PENen historia ere gehitu da. Atal horren aparteko separatak Euskal PEN hiru jauzitan titulupean aurkeztu da jendaurrean eta, horrez gain, PEN International-en liburuaren berri eman da ekitaldi berean.

EUSKAL PEN

Euskal PEN 1950 urtean jaio zen Manuel de Irujo, Manu de la Sota eta Manu de Intxausteguiren eskutik, erbestean eta lehenengo zuzendaritza Seber Altube, Jean Elizalde, Henri Gavel, Justo Garate, Nicolas Ormaetxea «Orixe», Piarres Lafitte, Ixaka Lopez Mendizabal, Jokin Zaitegi, Michel Etcheverri, Xabier Iratzeder, Isidoro Fagoaga, Manuel Irujo, Xabier Landaburu eta Manuel de la Sota idazleek osatu zuten. Bi idazkari izendatu zituzten, Andima Ibiñagabeitia eta Jon Mirande, eta Edinburgon egindako kongresuan parte hartu zuten. Egoera zaila bizi zuen euskal kulturak, eta bizialdi laburrekoa izan zen lehen Euskal PEN Bilkura hura, urte gutxian utzi zion jarduteari, baina abiapuntu garrantzitsua ezarri zuen. Txomin Peillen, PEN talde hartako kidea, egungo Euskal PENeko ohorezko presidentea da.

1987an berriz egin zen ahalegina, orduko hartan Euskal PEN Kluba izenaz, eta bizpahiru urteko bizialdia izan zuen. Orduko hartan ere hainbat idazlek bultzatu zuten taldea: Jean Louis Davant, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi», Bitoriano Gandiaga, Jose Azurmendi, Txomin Peillen, Joseba Sarrionandia, Eñaut Etxamendi, Laura Mintegi, Joxe Agustin Arrieta, Martin Ugalde, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Patxi Zabaleta, Juan Mari Lekuona, Mikel Antza, Patri Urkizu, Manex Goienetxe, Xabier Mendiguren, Pablo Sastre, Xarles Bidegain, Josu Landa, Xabier Montoia eta Josemari Velez de Mendizabal.

2004an, eta gaur egunera arte, hirugarrenez hasi zen Euskal PEN taldea. Euskaldunon Egunkariaren itxierak, 2003an, nazioarteko elkartasun olatu zabala ekarri zuen, English PEN eta PEN Català bezalako taldeen eskutik, eta halaxe elkartu zen berriz ere PEN International-en inguruan euskal idazle eta kazetarien talde berri bat. Tromsoko kongresuan aho batez egin zioten ongi etorri Euskal PEN taldeari.

Hamazazpi urte hauetan ekimen ugariak egin izan ditu PENen lau batzordeetan; Idazle Jazarrien aldeko Batzordean, Itzulpena eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Batzordean, Emakume Idazleen Batzordean eta Bakearen aldeko Idazleen Batzordean ere bai.

Nazioarteko bileretara euskararen eta euskal kulturaren berri emateaz gain, Basque Writing izeneko aldizkaria ere eraman izan dute han-hemenka; euskaraz eta ingelesez argitaratzen dute, eta gure literaturako izenik esanguratsuenek parte hartu dute: Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Mariasun Landa, eta beste asko. Mundu zabaleko kanpainekin ere bat egin du, Turkiara egindako misioan, Iranek heriotzara zigortutako idazleen kasuan, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan agerraldiak eginez eta Donostia 2016 bezalako ekimenetan buru-belarri jardunez: "Ongi Etorri" jardunaldiak edo Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa dira horien adibide bi.

Zuzendaritza taldeko kideak izan dira Joxemari Iturralde, Eider Rodriguez, Lutxo Egia, Fito Rodriguez, Paddy Rekalde, Asier Serrano, Teresa Toda, Paul Bilbao, Juanjo Ispizua, Hasier Rekondo, Joseba Tobar-Arbulu, Gari Berasaluze, Itxaro Borda, Maialen Sobrino eta Xabi Paya. Laura Mintegi presidentea izan zen 2004tik 2012ra, Urtzi Urrutikoetxea 2012rik 2021era eta 2021etik Laura Mintegi berriz ere.

Hiru ardatz nagusik gidatzen dute PEN International-en eta, halaber, Euskal PENen jarduera: adierazpen askatasunaren defentsa edozein erasoren aurrean, hizkuntza gutxituen eta haien kulturen defentsa eta emakume idazleen ikusgarritasuna.

Helburu horiek gogoan, ugariak izaten dira PEN taldeek munduan zehar egiten dituzten ekimenak.