Basauriko Udalak Artunduagako kiroldegian 784 eguzki-panel instalatu ditu. Kirol-zentroak urtean kontsumitzen duen argindarraren % 30 ekoitziko dute eguzki-panel horiek. Aipatzekoa da, Artunduagako kiroldegian 784 eguzki-panelak jarrita, “urtean 121 tona CO2gutxiago isuriko direla atmosferara”, aipatu dute udal arduradunek.

“Urtean 7.200 arbola gutxiago moztearen, edo auto batek urtean 675.000 kilometro ez egitearen baliokidea” izango da. Udal arduradunek aurreikusi dute instalazioak 338.000 kWh ekoitziko dituela urtero, eta “produkzio osoa autokontsumorako izango dela. Modu horretan, Artunduagako kiroldegiaren argindar-kon- tsumoaren % 30, gutxi gorabehera, ekipamendu fotovoltaiko horretatik hornitzea lortuko da”.

Azken urteotan, Udalak zenbait jarduketa egin ditu, “energia zen- tzuz erabiltzea bultzatzeko eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzeko”. Ildo horretatik, Udalak, “bere zeregin eta eskumenen esparruan”, eguzki-energia fotovoltaikoaren garapena areagotu nahi du horrelako instalazioekin eta beste lan batzuekin ere.

Horri esker “apaldu egingo baita erregai fosilekiko mendekotasuna eta gutxitu egingo baitira berotegi-efektuko gasen isurpenak”, diote. Urrats berri horrekin, Basauri bidean da: “2030erako, administrazio publikoek kontsumitutako argindarraren % 32 beraiek ekoitzitako berriztagarria izatea lortzeko bidean”.

Amortizatu

Basauriko Udalak 241.708 eurotan adjudikatu zituen lanak. EVE Energiaren Euskal Erakundeak 40.000 euroko dirulaguntza eman zionez proiektuari, aurreikuspena da 5 edo 6 urtetan inbertsioa amortizatuta egotea. Oraingoa ez da Basauriko Udalak horrelako instalazio bat egiten duen lehen aldia.

Izan ere, gobernu-taldea udalerriko hainbat eraikinetan eguzki-panelak jartzearen aldeko apustua egiten ari da, energia garbia sortzen laguntzeko. Horrela, badira lehenagotik eguzki-instalazioak, fotovoltaikoak (elektrizitatea ekoiztekoak) zein termikoak (berotze-sistemetako ura bero- tzen dutenak, kontsumoa gutxi-tzeko), udalerriko zenbait azpiegitura eta eraikinetan.

Udaletik aipatu duten bezala, badaude horrelako instalazioak “Etxe Maitia adinekoen egoitzan, Basozelai eta Soloarteko futbol-zelaietan, zenbait ikastetxetan, Artunduagako kiroldegian bertan, udaletxean...”. Eguzki-instalazio termikoek 348 MWh ekoizten dituzte urtero, gutxi gorabehera. 2020an, zehazkiago, udal titulartasuneko sarera konektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoek 28,7 MWh sortu zituzten.

Instalazio gehiago

Hori da Basauriko gobernu-taldearen helburuetako bat, kontsumo jasangarriagoa bultzatuko duen energia garbia sortzearen ildoari jarraituz. Aurretik azaldu duten bezala, epe labur eta ertainean egin beharreko beste ekintza ba- tzuen artean, Basauriko Udalak “bere eraikin guztien potentzial fotovoltaikoa aztertu nahi du, bideragarria den lekuetan pixkanaka autokontsumorako eguzki-panelak instalatzeko”. Azaldutakoaren arabera, horrelako instalazioak zabaltzea funtsezkoa da “legeak ezartzen dituen ekoizpen propioko energia berriztagarrien ehunekoak lortzeko”.

Basauriko Udalak hainbat jarduera egin ditu, kasu honetan Artunduagan, azken jarduketa honen ildo beretik doazenak, energia eta dirua aurrezteko instalazio munizipaletan. Hala, urteak dira sistema hobetzeko balio izan zuen galdarak aldatu zirela, baita urtero kontsumoa aurrezteko ere. Aurrezte horri gehitu behar zaio, halaber, lehenago ura bero- tzeko zenbait eguzki-panel instalatu izana; horrek esan nahi du % 10 inguru aurreztu zela azpiegitura hori jarri aurreko urtearekin alderatuta.