Eguraldiaren aldetik ez da inoizko udarik onena Euskadin, eta horrek eragina izan du hondartzara joan den jende kopuruan. Iaz 1.504.561 pertsona joan ziren hondartzara denboraldiaren lehen erdian, eta aurten, aldiz, 1.062.736. Horrek esan nahi du aurten iaz baino % 29,3 pertsona gutxiago joan direla Bizkaiko hondartzetara.

Aipatu murrizketa hori bi hilabeteetan gertatu da: aurtengo ekainean, 317.314 pertsonak bisitatu dituzte hareatzak, eta 448.647 pertsona izan ziren, berriz, iazko ekitaldian ekainaren 15etik 30era bitartean hondartzetara joan zirenak. Uztailean, ordea, aurten 745.422 pertsonak bisitatu zituzten gure hondartzak, eta 2020. urtean, berriz, 1.055.914k. Izan ere, aurtengo denboraldiko lehen bi hilabeteetan 17 egun eguzkitsu baino ez dira izan, eta lainotsuak, ordea, 8; meteorologia aldagarria izan zuten egunak 9 izan ziren ekainean eta uztailean. Horrezaz gainera, eguraldi ezegonkorreko egunetan tenperaturak ohikoak baino baxuagoak izan dira.

Jenderik gehien joan diren hondartzak Ereaga (128.005 pertsona), Arriatera-Atxabiribil (125.585), La Arena (110.236) eta Gorliz (90.317) izan dira. Denboraldiaren lehen erdi honetan, gainera, lau aldiz dekretatu da aforo osoa dagoela hondartza batzuetan; eguneko uneren batean aforoari dagokion egoera hori zehaztu den hondartzak Arrietara-Atxabiribil (ekainean), Areeta (uztailean) eta Aritzatxu eta Isuntza izan dira, azken biak bi aldiz,bata hilabete batean eta bestea beste hilabetean.

Sorosleen jarduerari dagokionez, denboraldiaren lehen erdian pertsona bat hil da uztailaren 17an Laidako hondartzan, bandera berdea zegoen unean. Egun horretan hondartzaren ertza zaintzen ari ziren sorosleek pertsona hori uretan ahuspez flotatzen ikusi zuten, eta erreskatatu egin zuten. Sorosleek ertzera eraman zutenean, arnasarik hartzen ez zuela ikusi zuten, eta suspertze-maniobrak hasi zituzten, SOS Deiak-i ere abisu emanez. Bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bateko taldea eta Ertzaintzaren helikopteroko taldea ere bertaratu ziren, baina larrialdietako langile guztiak saiatu arren, ezin izan zen ezer egin pertsona hori berriro bizira ekartzeko.

Hori izan da sorosleek egin duten jarduerarik larriena. Bi hilabete hauetan 2.072 pertsona artatu dituzte, gehienak zauriengatik (1.185) eta salbaia-ziztadengatik (321), denboraldiz denboraldi ohikoa izaten denez. Horri dagokionez, aipatu behar da hondartzetara joaten den jende kopurua murriztu egin dela zerbitzu horrek egindako arreta-kopuruan ere, iaz 2.739 pertsona izan baitziren.

Sorosle-zerbitzuak artatutako 39 pertsona soilik eraman behar izan zituzten osasun-zentro batera. Gainerakoek sorospen-postuan bertan jaso zuten alta.

Hareatzetan izandako gorabeherei dagokienez, denboraldiko lehen bi hilabeteetan 609 izan dira, gehienak ekintza bandalikoei, botiloi bidezko garbiketa bereziei eta megafoniaren inguruko gaiei lotutakoak.

Hondartzetako erabiltzaileek 31 erreklamazio aurkeztu zituzten, batez ere bainugela itxiak zeudelako.

Beste alde batetik, garbiketa zerbitzuak 261.840 kilo hondakin kendu ditu Bizkaiko hondartzetatik. Horietatik, gehienak (136.489 kilo) itsasertzera ekarritako hondakinak dira, beste 106.251 kilo zakarrontzi berdeetan bildu dira, eta gainerako 19.100 kiloak, berriz, zakarrontzi horietan.