Deabru Beltzak taldeak 25 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat ekitaldi antolatuko ditu lurraldeko eskualde guztietan. Konkretuki Zaratamo, Atxondo, Ereño, Dima, Alonsotegi, Lemoiz, Lanestosa eta Etxebarri izango dira ospakizunak garatuko dituzten udalerriak.
Deabru Beltzak taldearen ikuskizunak eszenaratze deigarriagatik nabarmendu dira beti, eta ikusleak batzen dituen esperientzia harrigarri bihurtuko ditu oraingoan ere Bizkaiko hainbat herri. Perkusioa, piroteknia eta efektu bereziak, koreografiak eta antzezpena eskainiko ditu ibilbide luzeko konpainiak. Ikuskizun bisuala ziurtatuta izango da egun eta toki hauetan: Abuztuaren 9an 21:30tan Zaratamon (Elexalde plaza), abuztuaren 10ean 21:30tan Atxondon (Udaletxeko plaza), 11an 21:30tan Ereñon (Udaletxeko plazan), 23an Diman 21:30tan (Udaletxeko Plazan), 24an 21:30tan Alonsotegin (Udaletxeko plazan), 25ean 21:30tan Lemoizen (Armintzakalde Hondartzako parkinean), 26an 21:30tan Lanestosan (Dantzari plazan) eta irailaren 4an 21:30tan Etxebarrian (Udaletxeko plazan) izango dira.
Emankizunak kalean izango dira eta pandemia egoera dela eta aforoa mugatua izango da, eta bertaratzen diren herritarrek eserita ikusi beharko dute emanaldia.
DEABRU BELTZAK
Nazioartean ibilbiderik luzeena daukan kale antzerkiko Euskal Herriko konpainia da Deabru Beltzak. 1996.urtean sortu zen eta 25 urte daramatza kaleko arte eszenikoen ikuskizunen ekoizpenean. Finalista aukeratu berri dute Arte Eszenikoen XXIV. Max Sarietan, Symfeuny lanagatik, kale-ikuskizun onenaren kategorian.
Haur zein helduentzat sortutako dozenaka kale antzerki proiektu egin ditu konpainiak, ikuskizun ibiltarien diseinuan aintzatetsia da, gainera arrakasta eta aintzatespena jaso izan ditu nazioartean perkusio-ikuskizunekin.
Euskal Herriko hainbat antzerki taldetik etorritako aktoreek sortu zuten 1996an Deabru Beltzak kale antzerkia. Ordutik hona 10 antzezlan aurkeztu dituzte, horiekin 3.000 ekitaldi eginez, 80 aldiz enkargatu dizkiete ekimen berezien antolakuntza, 50 hiritako jaien zuzendaritza artistikoa egin dute, munduko 35 talderekin egon dira elkar lanean. Bost kontinente eta 35 herrialde baino gehiagotan egin dute lan, Euskal Herriko talderik nazioartekoena bilakatuz.