Salgaien garraiorako mugikortasun eredu jasangarriago berri baterantz abiatzeko bidea hasi du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak proposamen bat eraman du lurraldeko Batzar Nagusietara, 3,5 tonatik gorako kamioi handiak ahalmen handiko bideak erabiltzera bultzatuko dituen erabileragatiko ordainketa-sistema bat abian jartzeko: "Europa osoan oso ezarrita dagoen sistema bat da, eraginkorra dela frogatu dena eta gaur egun N-240 eta BI-625 errepideetan eta Txorrierriko igarobidean gertatzen diren desoreken ondorio negatiboak murrizten lagunduko duena; era berean, CO2ren isuriak murrizten lagunduko du eta bide sarearen segurtasuna hobetzen", aurreratu du.

"Europar Batasunak bidea markatu die gobernuei mugikortasun garbia, lehiakorra eta iraunkorra ezartzeko. Eta Bizkaiko Batzar Nagusiek 2019an jada eskatu zioten foru gobernuari Bizkaiko errepide sarean hautemandako disfuntzionalitateak konpontzeko, Errepideen Lurralde Plan Sektoriala egiteko Jarraibide eta Irizpide Orokorren dokumentuaren bidez ", azaldu du Imanol Pradalesek. Diputatuak gogorarazi duenez, dokumentu horrek sarearen erabilera arrazionalagoa ahalbidetuko duen eredu bat martxan jartzeko beharra jasotzen du; ibilgailu astunen trafikoak azpiegiturak behar ez bezala erabiltzearen ondoriozko kanpo-kostuak barneratzea; errepideen kontserbazio- eta kudeaketa-kostuak berreskuratzea (88,6 milioi euro urtean Bizkaian), eta aukera-berdintasuna bermatzea, salgaien jatorria/helmuga edozein izanda ere.

Europako gobernu gehienek erabiltzen dituzte jada erabileragatik garraio astunari ordainarazteko sistemak. Eta Europar Batasuneko erakundeek "erabili, ordaindu" eta "kutsatu, ordaindu" egiten dutenen printzipioak defendatzen dituzten araudiak onartu dituzte azken urteotan. Zehazki, 2011/76/EB Zuzentarauak jada arautzen du salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunei kargak aplikatzea, garraio mota horren eragin negatiboak edo kanpokotasunak murrizteko. "Mugikortasun iraunkorragoa eta ordenatuagoa lortzeko trantsizio horri ekiteko, beharrezkoa da EB osoan aplikatzen den tresna erabiltzea. Tresna hori Erabileragatiko Ordainketaren sistema da. Eta salgaiak errepidez garraiatzeko erabiltzen diren eta 3,5 tonatik gorako pisua duten ibilgailu astunei kanon bat aplikatzea ekarriko du", azaldu du diputatuak.

Sistemak free-flow sistema duten kontrol-arkuak jartzea aurreikusten du, zirkulazioaren detektagailuekin eta ibilgailuen identifikatzaileekin, kanon bat aplikatu ahal izateko trafikoa gelditu beharrik gabe. Kamioi handientzat soilik diren arkuak bide hauetan ezarriko dira pixkanaka: N-240, BI-625, N-636, A-8 errepideetan eta Txorierrin "Gure ustez, aipatutako errepideetan hogeita hamar kontrol-arku inguru instalatu beharko dira pixkanaka. Puntu hau azpimarratu nahi dut: oreka egokia aurkitu behar dugu errepide-sarearen erabilera eraginkorraren, haren berrantolaketaren eta Bizkaiko merkantzia-garraioaren sektorearen lehiakortasunaren artean, sektore hori ez baita zigortu behar", azpimarratu du Pradalesek.

Halaber, diputatuak azpimarratu duenez, "Eredu berrirantz igarotzeko beharrezkoa da Europaren argi berdea izatea eta Batzar Nagusietan Foru Araua tramitatzeko lanetan jardun behar dugu. Eta aurretiazko bi gai horiek betetzen direla onartuta, sistema 2022ko udazkenean martxan jar daiteke, partzialki behintzat". Funtsezkoa da modu adostuan, mailaz maila eta sektorearen beharrak kontuan hartuta egitea.