BILBO. Astearte honetan, ekainaren hasierarekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko hondartzen denboraldiari emango dio hasiera. Iaz bezala, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriak egongo dira aurten ere bai.

Hondartzetan osasun agintaritzek ezarritako segurtasun distantzia mantendu ahal izateko bisitarien etorrerak arautu behar dira, eta horretarako iazko sistema errepikatuko da eta hondartzainek eta sorosleek hondartzetako okupazioa neurtuko dute.

Okupazioari buruzko informazioa modu honetan jakinaraziko da:

  • Hondartzetan bertan megafoniaren bitartez eta hala dagokionean, anbar koloreko bandera jarriko da erabiltzaileek jakin dezaten edukiera betetzen ari dela eta modu antolatuan hondartzatik irteten hasi daitezen. Bandera hori izango da pertsona kopuruaren berri emateko erabiliko den bakarra; gainerakoak, pandemiaren aurreko denboraldietan adierazten zutena jakinarazteko erabiliko dira, hau da: bandera berdea, bainu librea; horia, arretarekin bainatu beharra; gorria, bainua debekatuta, eta igerilari bat ezabatuta duen bandera zuriak esan nahiko du uraren kalitatea ez dela bainatzeko egokia.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren hondartzen webgunean okupazioaren maila jakinarazteko panpina berde bat, bi panpina anbar eta hiru panpina gorri erabiliko dira.
  • Eta Bizkaiko Foru Aldundiak iaz martxan jarri zuen BizkaiUP aplikazioan sistema bera erabiliko da; aplikazio hori telefono mugikor guztietan deskargatu ahal izango da. Aplikazio horretan edukiera mailak eta hondartzetako ezaugarriekin lotutako bestelako informazioa eta udalek une bakoitzean ezarri ditzaketen neurriak jasoko dira, besteak beste, aparkalekuetako zonen itxiera perimetralak, hondartza dinamikoa ezartzea, sarbideekin lotutako kontuak, eta abar.

Hondartzen unean uneko egoera webgunean eta BizkaiUPen kontsultatzeko aukera egongo denez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek iaz egin zuten deialdia berresten dute eta herritarrei eskatu diete tresna digital horiek erabiltzeko eta hondartzetara joan aurretik egiaztatzeko edukiera egokia dela.

Gainera, hondartzainak eta sorosleak udalekin modu iraunkorrean harremanetan egongo dira edukiera gehienezko uneetan ezarri beharreko neurriak zehazteko; horrelakoetan, udaltzainek eta ertzainek jardungo dute, osasun agintaritzek ezarritako araudia ezartzeko ardura duten kidegoak diren heinean.

Agintaritza horiek zehaztuko dute une bakoitzean hondartzetara taldean zenbat pertsona sartu ahal izango diren eta taldeen artean zenbateko distantzia mantendu behar duten eta pandemiaren bilakaeraren arabera, espazio publikoez disfrutatzeko baldintzen gainerako aldaketak zeintzuk diren.

Edonola ere, iaz emandako gomendioa mantentzen da, hau da, hondartzan hiru ordu baino gehiago ez egotea, hala, txandakatzea bermatzeko eta ahalik eta pertsona gehienek hondartzez disfrutatu ahal izateko.

Agintaritza horiek zehaztuko dute baita ere une bakoitzean hondartzetan maskara nola erabili beharko den.

SEGURTASUNA

Ez ohiko denboraldi honetan ere Bizkaiko Foru Aldundiak urtero hondartzetan ematen dituen zerbitzu guztiak martxan izango ditu, eta horretarako 5,2 milioi euroko inbertsioa egingo du.

Azken horietan Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuko langileek lan egingo dute, zehazki, uretako 152 soroslek eta beste 20 langilek -koordinatzaileak, logistikako langileak, patroiak eta laguntzaileak-. Egunero lanean egongo dira 6 koordinatzaile eta 88 sorosle 24 sorospen postutan banatuta. 11:00etatik 20:00etara emango dute zerbitzua, hondartzen denboraldiko egun guztietan zehar.

Erreskateetarako materiala hondartza bakoitzeko ezaugarrien arabera banatuko da, baina orokorrean, salbamendurako 4 ontzi, Bilboko, Getxoko, Bermeoko eta Ondarroako biltegietan egongo diren ordezko 4 ontzi, uretako 4 motor eta biltegi horietan gordeta egongo diren ordezko 4 uretako motor, 3 quad eta erreskateko 10 buggye (horietariko 3 elektrikoak), lur orotarako 3 ibilgailu, 6 turismo elektrikoz osatutako flota ekologiko bat (hibridoak eta gasezkoak, zona bakoitzeko koordinatzaileentzat), zaintzako 14 dorre, desfibriladore erdi-automatikoak, 24 glukometro, 23 pulsioximetro, immobilizazioko 24 esku-ohe eta bihotz-biriketako bizkortzea neurtzeko 24 tresna eskuragarri egongo dira.

Gainera, sorosleek bi "wave board" izango dituzte; ontzi horretan, uretako motorrari plataforma bat lotzen zaio pertsona gehiago garraiatu ahal izateko.

Aurten, 2020an bezala, pandemiaren ondorioz sorospen postuan arreta behar duten pertsonei zuzendutako protokoloa egokituko da. Hala, sorospen postura igarotzeko seinaleak jarriko dira eta laguntza behar duten pertsonek eskuak garbitu beharko dituzte hidrogelarekin eta sorosleek emandako maskara (edo beraiena) jarri beharko dute sorospen postura sartu aurretik. Sorospen zonan bakarrik bi pertsona egon ahalko dira, soroslea eta arreta jaso behar duen pertsona, honako salbuespenekin: laguntza emateko tekniketan pertsona bat baino gehiago behar izatea; kasu horretan, sorosle bat baino gehiago egon ahalko dira, eta bestetik, arreta behar duen pertsona adingabea edo menpekotasuna duen pertsona bat izatea; kasu horretan, heldu batekin egon ahal izango da, eta azken horrek ere eskuak garbitu beharko ditu eta maskara jantzi beharko du sorospen gunera sartu aurretik. Gainerako kasuetan, ahaideak edo laguntzaileak sorospen postuaren kanpoaldean geratuko dira. Arreta jaso ondoren, erabiltzaileek eskuak garbitu beharko dituzte berriz ere hidrogelarekin, eta maskara bota nahi badute, bertan egongo da horretarako zakarrontzia.

Hondartzainen zerbitzuan 30 pertsona egongo dira aurten lanean eta lankidetza estuan jardungo dute Istripuak Prebenitzeko, Sorospeneko eta Laguntzako Zerbitzuarekin, Ertzaintzarekin eta hondartzen udalerrietako Udaltzaingoarekin. Prebentzio neurri gisa, beti maskara jantzita izango dute hondartzetan.

Horrez gain, hondartza guztietan 'Ume Galduak' izeneko eskumuturreko zerbitzua ere egongo da; zerbitzu horren xedea hondartzetan galduta dauden zortzi urte baino gutxiagoko adingabeak identifikatzea da.

GARBIKETA ETA EKIPAMENDUA

Hondartzen garbiketa zerbitzuan lanean egongo dira 80 pertsona ordutegi ezberdinetan ekainetik irailera. Langile horiek ekipo mekanikoak erabiliko dituzte, besteak beste hondartzak garbitzeko makinak, kamioiak, traktoreak, ekortzeko gailuak eta bahegailuak, mantentze materialak garraiatzeko kutxa irekiko kamioia, 4x4 pick-up-ak (batek plataforma jasotzailea izango du) eta eskuzko bahegailuak baita ere.

Denboraldi honetan ez da egongo zakarrontzirik ezta bidoirik hondartzetan. Ontzi horiek hondartzetako sarreretan egongo dira, hondartzetatik kanpo, eta ez dute estalkirik izango eta, hala, erabiltzaileek ez dituzte ukitu beharko. 290 zakarrontzi eta 42 bidoi jarriko dira hondakinak biltzeko, baina kopurua aldatu ahal izango da beharren arabera.

Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten 113 dutxa (230 ihinztagailu, izan ere, eskuragarri zeuden erdiak kendu dira osasun agintaritzek ezarritako segurtasun distantziak mantentzeko), 80 iturri, hankak garbitzeko 80 zona, parriladun 367 plataforma eta egurrezko pasabideko 1.920 metro jarriko dira.

BAINATZEKO LAGUNTZA

Beste urte batez ere, 'Hondartza denontzat' bainatzeko laguntza zerbitzua martxan egongo da uztailaren 1etik abuztuaren 31ra La Arenan, Ereagan, Plentzian, Mundakan, Lekeition eta Ondarroan, goizeko 11:15etik arratsaldeko 18:45era. Zerbitzu hori ere egungo inguruabarretara egokituta egongo da eta osasun agintaritzek ezarritako prebentzio neurriak aplikatuko dira martxan jartzen den unean.