Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiak 730.000 euro bideratuko ditu dibertsitatearen aldeko ekimenak laguntzeko

21.04.2021 | 04:00
Bizkaiko Foru Aldundiak 730.000 euro bideratuko ditu dibertsitatearen aldeko ekimenak laguntzeko.

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 730.000 euroko aurrekontua bideratuko du dibertsitatearen kudeaketaren arloan egiten diren jarduerak sustatzeko.

Eskabideak hilabeteko epean egin ahal izango dira, deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatuta.

Zehazki, irabazi-asmorik gabeko erakundeek eskuratu ahal izango dituzte dirulaguntza hauek, honako jarduera hauek egiteko: migratuen elkarteen antolaketa-egitura sendotzeko jarduketak, Bizkaiko dibertsitate kulturala eta etnikoa aintzat hartzea eta kultura, etnia edo jatorri desberdina duten pertsona eta taldeen arteko elkarrizketa, topaketa eta elkarrekintza positiboa bultzatzeko proiektuak, eta dibertsitate afektibo-sexualaren eta familia-dibertsitatearen arloko proiektuak.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuaren hitzetan, «gure gizartea gero eta anitzagoa, kultura-artekotasun handiagokoa eta pluralagoa da pertsonen dimentsio guztietan» eta horrek eskatzen digu «pertsona eta talde guztien arteko bizikidetza eta elkarrizketa bultza daitezela, haien identitatearekiko errespeturik handienarekin».

Deialdi honek erantzuten dio batetik, aniztasunaren aldeko apustuari, eta, bestetik, herritarrek eskubideak erabiltzeko benetako berdintasuna izatearen aldekoari, herritarron jatorria, nortasun kultural edo etnikoa, erlijioa, sexu-joera zein sexu- edo genero-identitatea, familia-eredua edo gaitasun funtzionala edozein dela ere.

Ekimen hau dibertsitatearen kudeaketaren arloan egiten diren jardueretarako urteroko deialdi izenez ezagutzen da eta 2008tik aurrerako ibilbidea du. Ibilbide horretan, ikusi da pertsona eta taldeen parte-hartze publikoa sustatzeko tresna bat dela, baita kulturen arteko elkarrekintzarako guneak sustatzekoa ere.

noticias de deia