BILBO. Bizkaiko Ogasunak 313,4 milioi euro erregularizatu zituen 2020an Iruzur Fiskalaren aurkako Borrokarako Planaren barruan egindako 457.681 jarduketan.

Jose Maria Iruarrizaga diputatuak azpimarratu duenez aurreko urteetako ekintzen kopuruaren antzekoa egin da covid-19aren pandemiak erabat baldintzatu duen ekitaldi batean. Gogorarazi duenez, ez bakarrik administrazio prozedurak eteteagatik edo zerga epeak aldatzeagatik, baizik eta, bereziki, 2020ko martxotik Foru Ogasunak bere ahalegin nagusia krisiak kaltetutako zergadunei laguntzeko zerga neurriak diseinatzera, onartzera eta praktikan jartzera bideratu duelako.

Egindako jarduketak hiru esparru nagusiri dagozkie: prebentzioa, informazioa lortzea eta erregularizazioa. Hala Iruarrizagak nola Iñaki Alonsok, Foru Ogasuneko zuzendariak, funtsezkotzat jo dituzte lehenengo biak, herritarrei laguntza hobea ematea -errentaren hurrengo kanpainaren kasuan- eta ohiko zerga-bilketa handitzea dakartelako.

Horren harira, iruzurraren aurka borrokatzeko planaren helburua zergadun bakoitzak bere borondatez zerbitzu publikoei eusteari dagokiona ematea dela gogorarazi dute, hau da, Foru Ogasunak bere egoera erregularizatzeko beharrik eduki gabe. Horrela, prebentzioaren eta informazioa lortzearen emaitza onek alderantzizko emaitza sortzen dute erregularizazioaren esparruan.

ERREGAIAK MERKATURATZEN DITUZTEN LURRALDE ERKIDEKO ENPRESAK

Prebentzioaren eta erregularizazioaren arteko alderantzizko erlazio horren adibide ona da Bizkaiko gordailu fiskaletan erositako erregaia merkaturatzen duten lurralde erkideko 35 enpresen kasuan lortutako diru-sarrerak. 2011. urteaz geroztik, eta Bizkaiko Foru Ogasunaren irizpidearen aurka, enpresa horiek azken kontsumitzaileari ematen zioten salmentetan jasanarazitako BEZa Zerga Agentzian uzten zuten. Bi zerga-administrazioen arteko desadostasun hori Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordeak ebatzi zuen eta 2017an Auzitegi Gorenak berretsi zuen. Hala, BEZaren lotura-puntua ezarri zuen gordailu fiskalean eta, beraz, horren bilketa Bizkaiko Foru Ogasunari esleitu zitzaion.

Azken ekitaldietan Foru Ogasunak epai horretan oinarrituta egindako jarduketek bi ondorio izan dituzte:

2020an diru-sarrera handiagoak egon dira erregularizazioengatik 2018an eta 2019an baino. Epai horren ondorioz Foru Ogasunak 569,5 milioi euro berreskuratu ditu, lurralde erkideko erregaien merkaturatzaileek 2014an, 2015ean, 2016an eta 2017an Zerga Agentziari emandakoak. 569,5 M€ horien zatirik handiena 2018an (217,9 M€) eta 2019an (281,4 M€) berreskuratu da. 2020an berreskuratu dira falta ziren azken 70,2 milioi euroak. Horrela, 211,2 milioi euroko aldea dago 2019an eta 2020an erregularizatutako kopuruen artean.

BEZagatiko diru-sarrera arrunt handiagoa 2018tik. Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren erregaia lurralde erkidean merkaturatzen duten enpresek behar bezala entregatzen diote Foru Ogasunari salmentetan jasanarazitako BEZa (Bizkaiko gordailu fiskaletan erositako erregaia bada). Auzitegi Gorenaren epaiaren aurretik, 2017an, kontzeptu horrengatik 29,3 milioi euro ingresatu zituen Bizkaiak. Epaiaren ondoren, 2018an, diru-sarrera 198,2 milioi eurokoa izan zen; 2019an, 244,3 milioi eurokoa; eta 2020an, 211,4 milioi eurokoa.

Erregaia merkaturatzen duten enpresen antzera, nahiz eta zenbateko nabarmen txikiagoak izan, 2019an eta 2020an lortutako erregularizazioen konparazioan ere eragin bera dute Gizarte Segurantzaren Zuzendaritza Nagusiaren lan-atxikipenen gainean egindako jarduketek. Kontzeptu horregatik 2018 eta 2020 bitartean aurreko ekitaldiei dagozkien 71,1 milioi euro erregularizatu dira, Zerga Agentzian ingresatu baitziren, eta ez Foru Ogasunean.

Azken urteotan eremu horretan egindako jarduketak garrantzitsuak dira, gaur egun Foru Ogasuna lehen berreskuratu behar zituen kopuru garrantzitsuak borondatezko bidean jasotzen ari delako; izan ere, jokabide bat erregularizatzen denean ez da berriro agertzen iruzurraren aurkako borrokaren emaitzetan, ohiko diru-bilketan baizik.

BESTE JARDUKETA NABARMEN BATZUK

2020an egindako prebentzio-jarduketen artean, nabarmentzekoa da DBHko eta Batxilergoko 3.608 ikaslek parte hartu dutela Bizkaiko 114 ikastetxek emandako zerga-hezkuntzako moduluan. Era berean, joan den ekitaldian, Foru Ogasunak funtsezko hiru proiekturen garapena burutu zuen, oso garrantzitsuak direnak herritarrek zerga-betebeharrak behar bezala bete ditzaten. Horrek, aldi berean, borondatezko zerga-bilketa handitzea eta erregularizatu beharreko diru-kopuruak murriztea ekarri beharko luke. Hiru proiektu horiek, iruzur fiskala egitea eragozten edo zailtzen duten kontrol informatikoak dituztenak, honako hauek dira:

  • Errenta-eredu berria; horren arabera pertsona guztiek aitorpen-proposamena jasoko dute.
  • Batuz, jarduera ekonomikoen gaineko kontrola indartzen duena; horri esker, ogasunak dagoeneko eginda dauden BEZ, Errenta eta Sozietateen gaineko aitorpenak eman ahal izango ditu.
  • Arreta-zerbitzu berria, Foru Ogasunarekin edozein izapide telematikoki (internet edo telefonoa) egiteko aukera ematen duena.

Erregularizazio- eta kobrantza-jarduketen esparruan, emaitza hauek lortu dira, besteak beste:

  • Nazioartekotutako enpresa-taldeen kontrola: 2020an 10 erakunderen ikerketari ekin zitzaion, eta emaitza 2,3 milioi eurokoa izan zen.
  • Enpresa handien eta talde fiskalen gaineko jarduketak: 6 enpresa handiren eta 35 talde fiskalen gaineko jarduera amaitu da, 5,5 milioi euroko emaitzarekin.
  • Jarduera ekonomikoen tributazioaren gaineko kontrol integraleko jarduketei esker 25,2 milioi euro erregularizatu ahal izan dira Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarriaren doikuntza negatiboetan.
  • Balio erantsi handiko zerbitzuen prestazioei buruzko erregularizazio-jarduketen ondorioz, 5 milioi euro kobratu dira.
  • Beste 4,4 milioi euro kobratu dira enpresak berregituratzeko eragiketak erregularizatzean.
  • Higiezinen negozioen tributazioaren gaineko kontrolak 2,8 milioi euroko emaitza izan du.
  • Faktura irregularrak erregularizatzeak 2,8 milioi euro kobratzea ekarri du.
  • Banku-kontuetako funtsen sarreren eta irteeren kontrolaren emaitza 2,0 milioi eurokoa izan da.
  • Iruzur-bilbeen gaineko jarduketei esker, 1,9 milioi euro berreskuratu dira.
  • Azken kontsumitzaileei zuzendutako jardueren kontrola, 1,6 m €.
  • Ekonomia Itunaren lotura-puntuak behar bezala aplikatzen diren zaintzeko 31 prozedura amaitu dira, eta 98,4 milioi euroko emaitza lortu da.
  • Inkoherentzia garrantzitsuak izan dituzten zergapekoen gaineko kontrolean 16.701 likidazio egin dira eta emaitza 60 milioi eurokoa izan da.
  • Justifikatu gabeko ondare-irabaziengatik 36 zergapekorekin amaitutako prozedurek 1,5 milioi euroko emaitza ematen dute.