BILBO. Jatorrizko ehun piezen bidez euskal arkeologian azken mendeetan egindako lana azaltzen duen 'Erraldoien bizkar gainean' izeneko erakusketa jasoko du Arkeologi Museoak. Piezak aurkitu ziren dataren arabera antolatuta daude.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Lorea Bilbao Ibarrak, eta Arkeologi Museoko zuzendariak, Iñaki Garcia Caminok, gaur goizean inauguratu dute 2021eko azaroaren 7ra arte irekita egongo den erakusketa. Hauxe esan du diputatuak: "Erakusketa honek denporan zeharreko bidaia eskaintzen deusku. Bisitarientzat aukera ezin hobea da gure historiaren alde jakingarrien barri eukiteko".

'Erraldoien bizkar gainean' erakusketako materialen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Pirinioez bestaldeko arkeologiaren historia eta bilakaera azaltzen dira, lehenengo erreferentziak eta azterketak egin zirenetik gaur egunera arteko ibilbidea azalduz. Erakusketa honetan, gainera, euskal arkeologiaren fase ezberdinak azaltzen dira: lanean hasi ziren garaia, diziplinari izaera zientifikoa eman zion Barandiaranen eskolaren aldia eta gaur egungo egoera, hain zuzen ere. Ibilbidea egiteko, erakusketan fase edo aldi bakoitzean deskubritu diren material arkeologikoak erakusten dira. Hori guztia aurkikuntzak une bakoitzeko korronte eta joera historiografikoen esparruan kokatuz.

EUSKAL ARKEOLOGIAREN ALDERDI NABARMENENAK BOST UNITATETAN

Erakusketa bost unitatetan banatuta dago eta arkeologiaren bilakaera azaltzen da, XX. mende hasieran diziplina zientifiko bihurtu aurreko mendeak ere barne hartuz. Ordutik aurrera aldatzen joan dira ezagutza metodoak eta teknikak eta arkeologoen hainbat belaunaldik iraganari buruz egindako galderak, bakoitza bizi izandako garaietan gizarteko zalantzak ezberdinak baitziren.

Unitate bakoitzean, fase bakoitzean berreskuratutako materialak daude erakusgai.

Lehenengo etapan, arkeologia bildumatzeko zaletasunaren antzeko jarduera zen, eta garai horretan balio handiko piezak berreskuratu eta baloratu zituzten, besteak beste, erakusketan dagoen Iruñean aurkitutako hipokaustoko zaldia edo Elorrioko San Adrian ermitatik ekarritako Argiñetaren hilobiaren estalkia.

1916 eta 1936 artean arkeologiak aitorpen zientifikoa jaso zuen Barandiaranek, Egurenek eta Aranzadik egindako lanari esker; horiek, Aralarren trikuharriak induskatu zituzten, baita Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat kobazulo ere, eta objektuak eta gizakien eta animalien hezurrak batu zituzten gure arbasoen arrastoak direlako, ez bereziki objektu politak izateagatik. Hala, erakusketan Bolinkobako (Dima) harrizko ingude bat dago, orain dela 15.000 urte tresnak eraikitzeko erabiltzen zutena. Horrez gain, Santimamiñeko oreinaren adar bat ere badago; adar horretatik hagaxkak hartu zituzten arpoiak, puntzoiak edo azagaiak egiteko.

Unitate horren bukaeran Urteagako kobazuloaren beira arasa dago; bertan zegoen lanean Barandiaran Gerra Zibila hasi zenean, eta gerraren ondorioz erbestera joan behar izan zuen. Beira arasa horretan, euskaldunen ezaugarri fisikoak deskribatzeko erabili ziren garezurretako bat ikus dezakegu, eta bere ondoan, ia nabaritu ezin daitekeen trazuarekin marraztutako animalien figurak dituen harria eta xafla daude.

Barandiaran erbestean zegoela, historiaurreari buruzko azterketak gelditu egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, baina, Nafarroan, eta neurri txikiagoan Araban baita ere, Burdin Aroko hamabi aztarnategi baino gehiago aztertu zituzten, besteak beste, Fiteroko Peña Saco herria edo Cortesko El Alto de la Cruz delakoa; bertakoak dira zeramikazko bost ontziak.

1953an Barandiaran erbestetik itzuli zen eta gerraren ondorioz gelditutako lanarekin jarraitu zuen, historiaurreko ikerketak berriz ere martxan jarriz eta arkeologoen belaunaldi berri bat sortuz, besteak beste, Jesus Altunarekin, Juan Maria Apellanizekin, Ignacio Barandiaranekin eta Armando Llanosekin batera. Garai horretan, Nafarroan Erromatar garaiko arkeologiak heldutasuna eskuratu zuen M.A.

Mezquiriz arkeologo ospetsuari esker. Berak ikertu zituen Iruñeko jatorria eta Erromatar garaiko Pompaleo zaharra.

Garai horretako aurkikuntzen beira arasan Txotxinkobako (Gizaburuaga) lepokoaren aleak eta Galupako (Karrantza, Bizkaia) dolmenetako, Kobeagako (Ispaster) hilobi kobazuloetako eta Ereñuko Aristiko harrizko aizkora leunduak ikus ditzakegu. Horrez gain, Euskal Herriko metalurgiaren hasierako testigantza diren brontzezko aizkorak ikus daitezke, eta objektu bitxi bat baita ere, hain zuzen ere, Aralarren aurkitu zuten aizkora horiek fabrikatzeko moldea. La Hoyako (Araba) zeramikazko kutxa apaindua ere azpimarratu behar da.

Erakusketaren azken unitatean 1980tik gaur egunera arteko aldia azaltzen da. 1980an Kultura Ondarearen kudeaketa beraien gain hartu zuten autonomia erkidego eta foru erakundeak sortu ziren, eta, horren ondorioz, gure ondarearen ezagutza eta aitortza sustatu ziren. Hala, esku-hartze gehiago egin ziren, eta, batez ere, ezagutza modu berriak sortu ziren, unean-uneko gizartera moldatuagoak daudenak eta iragana hainbat ikuspuntutatik aztertzea ahalbidetzen dutenak.

Beira arasetan honakoak ikus ditzakegu: Iruñean aurkitutako II. mendeko terra sigillatazko kaiku handia, XV. mendeko beirazko oliontzia, Erromatar Inperioaren bukaeran erabili ziren eta Errigoitin ezkutatu zituzten txanpon batzuk, Gazteluaren Plazako apaindutako egurrezko orrazia, Aldaietako eta Dulantziko nekropolietako urrezko eta zilarrezko eraztunak eta Zarauzko giltza sinple batzuk baita ere; horiek, ekoizpenaren, generoaren edo gatazkaren arkeologiatik azter daitezke eta ikerketako ikuspuntu berriak irekitzen dira eta, azken finean, arrazoibide historiko poliedrikoa eta aberatsa sortzen da.

Apirilaren 1etik aurrera bisita gidatuak eskainiko dira erakusketan eta irailean "Arkeologi Koadernoak" seriearen katalogoa argitaratuko da. Bertan jasoko dira pieza guztien fitxa teknikoak, eta, gainera, lau artikulu egongo dira, non lau adituk euskal arkeologiaren historia azalduko duten, aurkikuntzak eta ezagutzaren aurrerapena sortu zituzten hipotesiak eta ikerketak nabarmenduz.

EUSKAL MUSEOTAKO EHUN PIEZA BAINO GEHIAGO

Erakusketa hau Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko hainbat museoren eta material arkeologikoen bilketa zentroen artean antolatu dute. Arkeologi Museoa erakusketaren koordinatzailea da, eta proiektuan parte hartu dute baita ere Arabako Foru Aldundiaren Bibatek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuakek, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Institutuak eta Irungo Oiasso museoak.

Edukiak eta piezen aukeraketa arkeologia zentro horietako teknikariek egin dute bereziki erakusketa honetarako.