BILBO. Bizkaiko 350 dendek egin dute bat dagoeneko Aldundiak eta BBK-k zuzendutako Eup! izeneko plataformarekin. Proiektuaren helburu nagusia merkataritzaren eraldaketa digitala sustatzea da.

Joan den urtarrilaren 18an hasi zen atxikimendu kanpaina eta dagoeneko 350 dendek agertu dute plataformako kide izateko interesa. Horretarako, inprimaki labur bat bete behar da webgune honetan. Une horretatik aurrera, negozioaren eraldaketa digitaleko prozesua osatu ahal izateko informazioa, aholkularitza pertsonalizatua eta prestakuntza jasoko dute.

Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzaren zuzendariak azpimarratu duenez, Eup! denda fisikoaren tresna osagarri gisa sortu da, eta Bizkaiko gertuko merkataritzak merkatu digitalean espazio propioa izatea du helburu, modu profesionalean kudeatuta eta bermeak eskainita. "Espero dugu online plataforma errealitate bihurtzea udaberrian, baina eraldaketa digitalaren prozesua abian da. Interesa duten merkatarien atxikimendu-aldia urtarrilean hasi zen, eta dagoeneko 350 saltoki daude inskribatuta Eup! plataforman parte hartzeko. Horiei guztiei eta gehitzen jarraitzea espero dugun beste askori laguntza pertsonalizatua eskainiko zaie, eta prestakuntza digitala ere, trantsizio horri berme guztiekin aurre egin diezaioten"" ziurtatu du Sarasolak.

Merkatariek proiektuarekin bat egiten dutenean, haien negozioen diagnostiko digitalak egiten zaizkie, otsail honetan bertan plangintza bat egin eta lehen parte-hartzaileen prestakuntza-faseari ekin ahal izateko. Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak uste du lurralde osoko saltoki gehiago gehituko direla plataformara, eta trantsizio digitala aukera handitzat hartu behar dela azpimarratu du. "Proiektu hau hazteko eta tokiko merkataritzaren gune handi bihurtzeko asmoz sortu da. Ildo horretatik, Bizkaiko gertuko merkataritza guztia animatu nahi dut Eup! plataformarekin bat egitera eta eraldaketa digitalak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzera. Merkataritzaren inplikazioa ezinbestekoa da, baina, era berean, azpimarratu nahiko nuke, tokiko merkataritzari, Bizkaian enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen duen horri, eusteko, beharrezkoa dela guztiok sektorearekin konpromisoa izatea eta tokiko kontsumoa egitea" azaldu du Basurkok.

Eup! produktuak modu eroso eta intuitiboan bilatu eta alderatzeko, transakzio seguruak egiteko eta gure erosketak nola jaso nahi ditugun aukeratzeko merkataritza-gune handi bat da. Hori guztia hurbileko merkataritzak bakarrik eskain dezakeen hurbiltasuneko ingurune batetik. Merkataritza-gune digital horrek, gainera, Bizkaiko jarduera eta enplegua dinamizatzen laguntzen du, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienarekin, hurbileko logistika-sare jasangarrien erabilerari esker.