BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak zerga-iruzurrari aurre egiteko estrategia eguneratu du, 2021eko Zerga Iruzurraren Aurkako Plana onetsiz. Plan horren barruan goi-mailako hiru proiektu eramango ditu aurrera. Batuz, errenta-aitorpenaren eredu berria eta zergadunen arretarako sistema berria.

Digitalazioa oinarri duten proiektu hauei esker Foru Ogasunak baliagarri daukan zergen arloko informazioa askoz handiagoa izango da. Batuz sistemaren bidez modu automatikoan jasoko ditu Bizkaian egiten diren faktura guztien datuak eta 100.000 enpresa eta profesional inguruk egiten dituzten eragiketa ekonomiko guztien datuak. Foru Ogasunaren helburua da, batetik, herritarrei burutik kentzea zerga-ordainketan iruzurra egiteko asmoa; bestetik, gertatzen diren iruzurrak errazago eta azkarrago detektatzea datuak gurutzatuz eta sistema informatiko berrien bitartez biltzen den informazioa aztertuz.

Zergetan eragina duen informazio gehiago edukiko duenez, Foru Ogasunak zergadunen arreta hobetuko du eta, gainera, zergadunei beren zerga-betebeharrak betetzen lagunduko die: aitorpen-proposamenak egingo dizkie errentaren gaineko zergaren, BEZaren eta sozietateen gaineko zergaren zergadun guztiei. Gainera, hiru proiektu hauei esker baliabide gehiago erabili ahal izango dira Batuz sistematik kanpo dauden beste tributazio-eremu batzuk kontrolatzeko.

Zerga Iruzurraren Aurkako Planaren hiru helburu nagusiak honako hauek dira: herritarrei burutik kentzea zerga-ordainketan iruzurra egiteko asmoa, gertatzen diren iruzurrak errazago detektatzea eta zergadunek errazago bete ahal izatea zergen arloko betebeharrak. Horrez gainera, plan berrian zergadunen itzulketa-eskaerak ebazteko eredua aldatzen da; hain zuzen ere, covid-19aren pandemiak kalte egindako pertsonen likidezia hobetzeko asmoarekin 2020. urtean sartutako aldaketa sendotzen da. Horren arabera, Foru Ogasunak azkarrago itzuliko du dirua (kasu batzuetan orain arte baino lau hilabete lehenago), eskaerak iragazki informatiko bat gaindituz gero. Eskaera horiek eskaera guztien % 90 - 95 dira. Eskaera horietako kopuruak itzuli ondoren Ogasunak berriz ere eskaera guztiak aztertuko ditu, itzulketak bidezkoak izan direnez egiaztatzeko.

Zerga Iruzurraren Aurkako Planaren irizpide orokorrak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu dira urtarrilaren 12an (asteartea). Hona irizpide nagusiak:

INFORMAZIOA LORTZEKO JARDUKETAK

2021ean Bizkaiko Foru Ogasunak bi aitorpen-eredu berri ezarriko ditu, bata turismo-erabilerako etxebizitzen errentamenduei buruzko informazioa biltzeko eta bestea diru birtualen edukitzari buruzko informazioa biltzeko. Bi ereduok urtero aurkeztu beharko dira. Bata, alokairu-bitartekariek aurkeztu beharko dute (bai higiezinen agentziek, bai plataforma digitalek); eredu honetan errentatzaileak identifikatu beharko dira eta jasotako kopuruak zehaztu beharko dira. Bestea, moneta birtualen titularrak identifikatzeko aurkeztu beharko da; titularrek berek eta halako monetak edukitzeko eta erabiltzeko zerbitzuak ematen dituzten entitateek aurkeztu beharko dute.

Eremu honetan, Foru Ogasunak biltzen duen nazioarteko trukeei buruzko informazioa erabiliko du zerga-iruzurraren zantzuak dituzten zergadunei buruzko informazioa lortzeko.

Gainera, 2021. urtean orain arte bezala jarduketa selektiboak egingo ditu informazioa biltzeko nazioarteko fiskalitatearen arloan ari diren enpresei buruz, Bizkaian ari diren talde multinazionalei buruz, zerga-paradisuekin loturak dauzkaten zergadunei buruz, Bizkaiko egoiliarrak izan gabe Bizkaian jardueraren bat egiten duten pertsonei buruz eta iruzur-arrisku handiko sektore ekonomikoetan ari diren zergadunei buruz.

Halaber, informazioa lantzeko prozedura arazteko, jarduera ekonomikoren bat egiten duten zergadunek aitorpenetan ematen dituzten datuak kontrolatuko dira eta egiazkoak direnez egiaztatuko da, eta datu-bolumen handiak prozesatzeko plataforma teknologikoa garatzen eta datuen zientzietako teknika berriak aplikatzen jarraituko da.

PREBENTZIO-JARDUKETAK

Iruzurra prebenitzeko jarduketen artean, Foru Ogasunaren ustez oso garrantzitsua da herritarren zerga-kontzientzia indartzea, xedetzat hartuta noizbait zerga-ordainketan iruzurrik batere ez egotea. Horretarako, orain arte bezala, Foru Ogasunak ikastetxeei aukera emango die zerga-hezkuntzako modulua eskaintzeko (modulu hau 2018an abiarazi zen Eusko Jaurlaritzarekin eta Araba eta Gipuzkoako ogasunekin batera). Uste dugu geroz eta ikastetxe gehiago atxikiko zaizkiola programa honi eta 2021ean 140 izango direla (Bizkaiko ikastetxe guztien bi heren).

Prebentzioaren esparruan, Foru Ogasunak zergadunei laguntzeko zerbitzuak hobetuko ditu, egin ohi duen bezala, errazago bete ahal izan ditzaten zergen arloko betebeharrak. Horren ildotik, 2021. urtean Batuz sistemaren garapena burutuko da (gaur egun, oraindik borondatezkoa da) eta errenta-aitorpenaren eredu berria eta herritarren arretarako sistema telematiko berria ezarriko dira.

Gainera, zerga-ordainketan iruzurrik ez gertatzeko eta gertatzen diren iruzurrak detektatzeko, aspaldi ohi duen bezala, Foru Ogasunak bultzatuko du bere langileak espezializatzea zerga edo zergadun jakin batzuen kontrolean eta analisian. Gaur egun Ogasun Zuzendaritzako 45 pertsona ari dira espezializatutako unitate hauetan: Arriskuen Analisirako Zerbitzua (5 per.), Zergadun Handiei Laguntza Espezializatua Emateko Unitatea (4 per.), Zergadun Handien Tributu Kontrolerako Unitatea (3 per.), Nazioarteko Fiskaltza eta Transferentzia Prezioen Unitatea (8 per.), Konkurtsoen Ikerketarako Talde Operatiboa (8 per.), Zerga Berezien Unitatea (9 per.) eta Auditoria Informatikoaren Unitatea (8 per.).

ERREGULARIZATZEKO ETA KOBRATZEKO JARDUKETAK

2021. urtean Foru Ogasunak zergadun jakin batzuen zerga-egoera egiaztatuko du: nazioartean jarduten duten enpresa-taldeak, enpresa handiak eta zerga-taldeak, aktiboa jarduera ekonomiko batekin lotutako ondasunen ondoriozkoa ez den sozietateak, atxikipenak egin behar dituztenak eta elektrizitatea merkaturatzen duten entitateak. Halaber, zergak eragiketen bolumenaren arabera ordaintzen dituzten enpresen tributazioa zuzena denez egiaztatuko du, eta horretarako Ekonomia Itunean ezarritako konexio-puntuak ondo aplikatzen direnez aztertuko du.

Orobat, honako hauen kontrol integralerako jarduketak egingo ditu: osasun-larrialdiaren ondorioz jarduna areagotu den sektoreetan jarduera ekonomikoren bat egiten duten zergadunak; sektoreko batez bestekora heltzen ez diren etekinak aitortzen dituzten zergadunak; txartelaz ordaintzeko gailuaren titularrak, irregulartasunen bat antzemanez gero; eduki ekonomikorik gabeko fakturak; azken kontsumitzaileei balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzen dizkieten zergadunak; hornitzaileek txikizkariei ondasunak saltzeko eragiketak.

Zerga-zorren kobrantzarako, Bizkaiko Foru Ogasunak zordunak eta hartzekodun-konkurtsoan dauden enpresen jarraipeneko eta kontroleko jarduketak egingo ditu. Gainera, ezkutatutako ondasunak eta ondare-husturak detektatzeko lanak ere egingo ditu.