BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 701.601 euroko aurrekontua bideratuko du hasi berri diren Karrantzan BI-4625 errepidearen hobekuntza integralerako lanetarako. Lan hauen bidez Karrantzaren kohesioa hobetuko da, bidea erabiltzen duten pertsonen segurtasuna bermatuz.

Birmoldaketa-lanek bide-zoruaren baldintzak eta plataformaren egonkortasuna hobetuko dituzte, eraikiko diren hiru euste-hormaren bidez. Horrez gain, hormigoizko areka bat ere eraikiko da, eta zeharkako drainatzea hobetzeko lanak egingo dira, baita ibilgailuei eusteko sistemak instalatu ere. Gainera, errepidearen seinale bertikalak hobetzeko, 149 seinale berrituko dira eta balizak hobetuko dira.

Lanak hiru tartetan gauzatuko dira. Lehenengo tarteko lanak, Bernalesko bidegurutzearen hasieran egin direnak, 1,85 km-tan egin dira, 54+930 kilometro-puntutik 56+780 kilometro-puntura, eta 2020/11/4an amaitu dira.

Bigarren tarteko lanak 2021eko ekainetik irailera bitartean egingo dira, Bernalesko bidegurutzetik Aguasal auzora heltzen den bideko 1,72 km-tan, 56+780 kilometro-puntutik 58+500 kilometro-puntura. Hirugarren tarteko lanak 2022ko ekainean hasiko dira eta urte bereko abuztuan amaituko dira, eta Aguasal auzotik Lanzasagudas auzora doazen 1,9 km-tan egingo dira, 58+500 kilometro-puntutik 60+400 kilometro-puntura. Horrela, bada, lanen aurrekontu osoaren 244.889€ 2021ean gauzatuko dira.

BI-4625 errepidea errepideen toki-sarekoa da eta bidearen batez besteko desnibela eta zabalera dela eta, mendiko bidetzat jotzen da. Aguasal eta El Otero auzoen arteko tartea mendatetzat jotzen da. BI-4625 errepideak 5,47 km-ko luzera dauka, eta 54+930 kilometro-puntutik 60+400 kilometro-punturaino doa; Karrantzako La Tejera, El Cuadro, Aguasal eta El Otero auzoak lotzen ditu.